Ekonomia -

Protesta

Ehunka autonomo erreforma fiskalaren aurka irten dira Iruñeko kaleetara

Hamaika elkartek ibilgailuen manifestazio bat egin dute Nafarroako hiriburuan zehar, "zergen igoera ezkutua" salatzeko.

Autonomoen protesta Iruñean. Argazkia: Tradisna
Autonomoen protesta Iruñean.
Autonomoen protesta Iruñean. Argazkia: Tradisna

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

300 ibilgailutik gora, 45.000 bat autonomo ordezkatzen dituzten Nafarroako hamaika erakundek deituta, Iruñeko erdialdetik ibili dira erreforma fiskalaren kontra. Autoak, taxiak, kamioiak eta traktoreak izan dira protestan. Erakunde horien arabera, % 50-100eko igoerak ekarriko dizkio erreformak talde honi.

PFEZen aldaketa abenduaren 23ko osoko bilkuran onartuko omen da, eta horren kontra egin dute protesta hamaika elkartek: Ostalaritza eta Turismo Elkartea, Tradisna, ANET, UAGN, Ibilgailuen Konponketa Tailerren Nafarroako Elkartea, Nafarroako Merkatariak, Nafarroako Harakinen Elkartea, Nafarroako Ile-apaindegien Elkartea, CEAT, ANAPEH eta Aitan.

Felix Bariain UAGNeko presidenteak Eferi azaldu dionez, mobilizazio honen arrazoia da "kalkulu ektiboen zerga-ordainketen sistema (moduluak) kentzeaz mozorrotu duten zergen ezkutuko igoera eta, batez ere, inplikatutako eragileekin ez esertzeko Gobernuaren itxikeria; kasu honetan, sistema horretan zergak ordaintzen ditugun 45.000 autonomo, % 50etik gora".

"Parte-hartzeaz, elkarrizketaz eta garden jokatzeaz harrotzen den Gobernua opaku bihurtu da; ez da erakundeekin eseri", salatu du nekazarien sindikatuko buruzagiak.

Bariainentzat, "behintzat gure sektorean, nekazariena eta abeltzainena", erreforma honek "esplotazioak ixtea" eta landa eskualdeak "jendez hustea" ekarriko ditu.

Gobernuak egin behar duena "Parlamentuaren burbuilatik irtetea" da, eta "kalea zapaltzea, herriak zapaltzea, nekazariekin, abeltzainekin, garraiolariekin, taxilariekin, merkatari txikiekin, ostalariekin hitz egitea, eta konturatzea gizartea alde batetik doala eta Gobernua bestetik".

 Moduluen sisteman deklarazioa egiten zuen autonomo batek 2021ean "gutxienez % 50 gehiago ordaindu beharko du, bederatzi hilabete hauetan eredugarri izan den sektore bat garenean; etxe guztietan jatekoa egongo da mahai gainean guri esker, eta hori ordaintzeko modua zergak ezkutuan igotzea izango da, gurekin eseri gabe; ezer gutxi esaten du Gobernuaren alde".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Gatazkak garraio sektorean