Ekonomia -
LAN-GATAZKA
% 75eko jarraipena izan du bigarren grebak haurreskoletan, sindikatuen arabera
Gainera, abenduaren 22an negoziazio-mahai batera deitu dituztela iragarri dute eta, "urtebete eta gero", Hezkuntza Saileko ordezkariak bertaratzea lortu dutela.
A.S. | EITB Media
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek azaldu dutenez, % 75ekoa izan da Haurreskolak Partzuergoan, (0-3 urteko ikastetxeetan), deitutako grebaren bigarren egunaren jarraipena. Abenduaren 10ean % 73koa izan zen jarraipena, beraz, hiru puntu igo da.
Deialdia egin duten hiru sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, partzuergoko zuzendaritza batzordearen bilera dela eta. Manifestariek pankarta bat zeramaten, eta bertan hiru sindikatuek benetako negoziazio bat hastea eskatu dute.
Arantza Andres LABek partzuergoan duen ordezkariak hedabideei egindako adierazpenetan iragarri duenez, abenduaren 22an negoziazio-mahai batera deitu dituzte, eta "urtebete igaro ostean", bilera horretara Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak joatea lortu dute, eskatzen zuten bezala.
Hala ere, bilera horretako gai-zerrenda duela ia urtebete sinatu zen eta oraindik bete ez den aurreakordioa baino ez dela azaldu du.
LABeko ordezkariaren hitzetan, Lan-hitzarmenak bete gabe jarraitzen du, eta datorren asteko negoziazio-mahaian beste puntu batzuk eztabaidatzea eskatu du, hala nola, Haurreskolak partzuergoa Hezkuntza Sailean sartzea, doakotasuneranzko urratsak ematea, hitzarmen berri bat negoziatzen hastea, ordezkapenak betetzea eta zentro horietarako aurrekontua handitzea.
Horren esanetan, puntu horiek sartzeko eskaerari oraindik ez diote erantzun, eta bilera horretan gertatuko denaren arabera baloratuko dituzte aurrera begira eman beharreko pausoak; "berriro kalera atera" edo "benetan negoziazio prozesu bat irekitzen bada, bertan parte hartzea".