Ekonomia -

Eusko Legebiltzarra

Europako funtsak jasotzeko proiektua aldatzea eskatu dio oposizioak Jaurlaritzari

EAJk eta PSE-EEk gainerako alderdiei eskatu diete "antzezpena" alde batera uzteko, eta argi utzi diete EBri proposamen "errealista eta bideragarria" aurkeztu behar zaiola.

Eusko Legebiltzarrean egindako saioa. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarrean egindako saioa
Egiturazko aldaketak eskatu ditu oposizioak Legebiltzarrean

1:2

L.Z. | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioko alderdiek "norabide aldaketa" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari Europako funtsak eskuratzeko proposamena aurkezteko orduan. Izan ere, orain arte emandako urratsak "bide zuzenetik ez doazela" uste dute.

EAJk eta PSE-EEk, bestalde, gainerako alderdiei exijitu diete "antzezpena" alde batera uzteko, "EBri proposamen errealista eta bideragarria aurkeztu behar zaiolako".

Asteazken honetan Europako funtsei buruz eztabaidatzeko saioa egin dute Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta.

Agerraldi horretan, EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok Jaurlaritzari leporatu dio orain arte proposatutako proiektuekin argi utzi dutela "ez dutela ezer ulertu" edo "ez direla gai izan Euskadiren beharrizanetara egokitutako plan bat" aurkezteko.

Modu horretan, kritiko azaldu da Jaurlaritzaren proposamenak Abiadura Handiko Trenari eman diolako lehentasuna. Arrazoi hori tarteko, Jaurlaritzari galdegin dio "lehentasunak" birplanteatzea eta ekonomia zirkularraren aldeko edota berdintasun ezaren kontrako neurriak babestu dituzten herrialdeetan arreta jartzea.

"Kapitalizazioa"

Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaile Miren Gorrotxategik azpimarratu du beharrezkoa dela Europako funtsek eskaintzen duten aukera "kapitalizatzea". Horregatik, Jaurlaritzari eskatu dio proposamena diseinatzeko orduan "norabidea aldatzea".

PP+Cs koalizioko Luis Gordillok ere mezua bidali dio Jaurlaritzari. Hain zuzen ere, esan dio Espainia Europar Batasunaren barruan dagoelako daukala Euskadik funts horiek jasotzeko aukera.

Bukatzeko, Voxeko parlamentari Amaia Martinezek salatu du Jaurlaritzaren proposamenak azpiegitura erraldoiak elikatzea duela helburu; besteak beste, AHTa, "egitasmo horiek krisia gertutik bizi ez badute ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Europa Ekonomia EH Bildu Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Vox Koronabirusa