Ekonomia -

HEZKUNTZA

Ikastolen Elkartea, bere hezkuntza proiektuak administrazioaren esku uztearen aurka

Ikastolen Federazioak horrela erantzun dio Euskal Eskola Publikoaz Harro ekimenak Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerari publifikazio prozesu bat abiatzeko.

Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

O.A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikastolen Elkartea ez dago prest bere hezkuntza proiektuak ezein administrazioren esku uzteko. Are gehiago, komunitatearen baitan harro daude 1993ko Hezkuntza Legearen ondotik sistema publikoan ez sartzeko hartutako erabakiarekin. Gainera, hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean, hezkuntza lege berri bat aldarrikatu du.

Ikastolen Federazioak ohar bidez erantzun dio Euskal Eskola Publikoaz Harro ekimenak aste honetan Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerari. Zehazki,  Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunean biltzen diren eragileek beste publifikazio prozesu bat abiarazteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Ikastolen Elkartearen baitan 111 ikastola gara, 57.000 ikasletik gora, milaka familia, eta 6.000 irakasle eta langile ez irakasle biltzen dira. "Manifestua izenpetu duten zenbait eragileren aldetik ez gaitu harritu eskaera horrek. Beste zenbaiten aldetik, ordea, bai, bakarka bestelako planteamendu bat egiten dutelako", dio Ikastolen Elkarteak oharrean.

"Ikastolok ez gaude prest herritarrek herritik eta herriarentzat sortu eta garatutako hezkuntza proiektuak ezein administrazioren esku uzteko, eta ez ditugu utziko. Berriro diogu: harro gaude hartu genuen erabakiarekin", gaineratu du.

Komunikatuan Ikastolen Elkarteak dioenez, publifikazioa errezeta magikoa izango balitz bezala aipatzen dute, horren bitartez murgiltze sistema ezartzea, segregazioa amaitzea eta hezkuntza sistemak egun dituen gabezia guztiak konpontzea lortuko balitz bezala.

Bestalde, hezkuntza sistema osoarentzako lege berri bat aldarrikatu du, gainontzean sistema porrotera doala iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza