Ekonomia -
Operazioa
Hondakin arriskutsuak herrialde txiroetara eramateko sare bat desegin dute
Tartean Arabako eta Bizkaiko enpresak daude. 11 pertsona atxilotu dituzte operazioan. Bezeroak Libia, Irak, Ghana eta Ginea Bissaun bilatzen zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak eta Trantsizio Ekologikorako Ekonomia Zirkularraren azpi-zuzendaritza nagusiak hondakin arriskutsuekin legez kanpoko salerosketa egiten zuten zenbait talde desegin eta 11 pertsona atxilotu dituzte. Operazioan material arriskutsuak atzeman dituzte, garapen bideko herrialdeetara bidean.
Sareak hondakinak Espainian bereganatzen zituen, eta bezeroak Libia, Irak, Ghana edo Ginea Bissaun bilatu, administrazioaren kontrola saihesteko. Horretarako, Frantziako eta Portugaleko portuak abiapuntu bezala erabiltzen zituzten, Guardia Zibilak ohar batean jakinarazi duenez. Araba, Bizkaia, Salamanca, Valentzia eta Madrilgo enpresek parte hartzen zuten sarean.
Industria disolbatzaileak Libiara edo ibilgailuetako motorrak Irakera ala Ghanara bidaltzea legez kanpoko negozio bat da, baina urtero 17.000 milioi euro mugitzen ditu. Herrialde horietan hondakin arriskutsuen tratamenduak mozkin handiagoak sortzen ditu, ingurumen neurririk ez dagoelako edo eskulana merkeagoa delako.
Frantziako portu batean disolbatzaileekin kargatutako edukiontzi bat atzeman zuten. Ondoren ikertzaileek Euskadiko kudeatzaile batzuk eta Libiako herritar bat identifikatu zituzten, Carlos Astrain Sepronako UCOMA taldearen kapitainak azaldu duenez.
Libiako herritar hori ez dute atxilotu, baina ikerketa Salamancako ibilgailu saltoki batera bideratu zuen. Motorrak Irakera bidaltzen zituen saltokiak, baina deskontaminazio ziurtagiririk gabe.
Hondakinak munduko txoko ezberdinetara esportatzen zituzten, hondakin motaren arabera. Horrela, enpresek industria disolbatzaile kopuru handiak Libiara bidali zituzten, bertan deuseztatzeko.
Kontrolik gabeko isuriak
Dirudienez, hondakinak inolako kontrolik gabe isurtzen zituzten, kostuak ikaragarri murriztuz, nahiz eta ekoizleak dagoeneko zaborraren kudeaketa jasangarriaren truke ordaindu.
Auto eta kamioi motorrak Irakera bidaltzen zituzten enpresak identifikatu ditu ikerketak. Zati erabilgarria edo material birziklagarriak eskuratu eta gainerakoa inolako birziklapenik gabe botaz etekina lortzen zuten.
Motor horien likidoek lurzoruak eta akuiferoak kutsatu ditzakete, isurtzen diren zonaldeetan.
Madrilgo ibilgailu tratamendurako beste zentro bat jomuga izan du ikerketak. Kamioien motorrak Saharaz hegoaldeko herrialdeetara bidaltzen zituen, besteak beste, Ghana, Mali edo Ginea Bissaura.
Astrain kapitainaren esanetan, material kopururik handiena edukiontzietan sartzeko, kamioiak zatitzen zituzten, eta herrialde txiroetara heltzen zirenean, berriro elkartu edo komeni zitzaien zatia erabiltzen zuten, gainerakoa botaz.
Horrela, administrazioaren kontrolak saihesten zituzten, esportazioen kostua ez ordaintzeko.
“Motorrak erabili ahal dira ala ez, zati bat erabili daiteke, baina kudeaketan kostuak aurreztu nahi zituzten. Espainian hondakin horiek deuseztatu nahi baditugu, arriskutsu gisa, kostua oso altua da”, gogorarazi du kapitainak.
Hirugarren herrialde horietako kontrol faltak salerosketa askea egiteko aukera ematen zuen, ondoren berriz merkaturatzeko eta soberakina ingurumenera botatzeko.
Legez kanpoko negozioaz gain, herrialdeko horietako ingurumenari egindako kaltea da arazo nagusia, “ingurumen kontrolik ez dagoelako”, azpimarratu du Astrain kapitainak.