Ekonomia -

Lan gatazka

Gipuzkoako erresidentzietako langileek udalen inplikazioa eskatu dute

ELAren arabera, alkateek ere badute erantzukizuna lan gatazka horretan, "zaharren egoitzak haien udalerrietan daudelako eta bertan dauden adinekoak auzokide dituztelako".

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, Donostiako udaletxearen aurrean. Argazkia: EFE
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, Donostiako udaletxearen aurrean
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, Donostiako udaletxearen aurrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek protesta egin dute ostegun honetan hainbat udalerritan, ELA eta LAB sindikatuek gaurko eta biharko deitutako bi greba egunekin lotuta. Mobilizazio horietan, erresidentzietako lan gatazkan "inplikatzeko" eskatu diete udalerri ezberdinetako alkateei.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak bi lanuzte egunetarako ezarritako % 100eko gutxieneko zerbitzuek greba eskubidea urratzen dutela salatu dute bi sindikatu horiek.

Hala, ELA eta LABeko ordezkariak Donostiako eta beste bederatzi herritako udaletxeen aurrean paratu dira, bertako arduradun politikoei "konpromisoa" eskatzeko. Gainera, irtenbide bat bilatze aldera, udal ordezkariei exijitu die Foru Aldundiari dagokion erantzukizuna har dezala eska diezaiotela.

Donostiako protestan haize bolada gogorrei egin behar izan diete aurre manifestariek. Halere, hamaika langile batu dira bertan "Konponbidea zaharren egoitzetan! Aldundia erantzule" leloari eutsita.

Erresidentzietako langileen protesta

Aimar Etxeberria ELAko ordezkariak, kazetarien aurrean egindako adierazpenen bidez, gogora ekarri du 2018ko irailaz geroztik 245 greba egun egin dituztela erresidentzietako langileek, hitzarmen kolektibo berri bat aldarrikatzeko. Gainera, pandemia hasi zenetik, babes neurriak eta segurtasuna ere eskatu dute.

ELAren arabera, alkateek ere badute erantzukizuna horretan, "zaharren egoitzak haien udalerrietan daudelako eta bertan dauden adinekoak auzokide dituztelako".

Hain zuzen ere, horrekin lortu nahi dutena da udalek Markel Olano ahaldun nagusiari gatazka desblokeatzeko bitartekoak exijitzea eta langileen ordezkariekin hitz egin dezala galdegitea.

Ane Sarriegi LABeko arduradunak, bestalde, nabarmendu du "erresidentzien sistemak behea jo duela. Horregatik, beharrezkotzat jo du guztiz publikoa izatea eta sistemaren "osotasuna" berrantolatzea, langileen eta senitartekoen parte-hartzearekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa ELA LAB Ekonomia Markel Olano Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Lan gatazkak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa