Ekonomia -

Energia eolikoa

Araban lau parke eoliko eraikitzeko baimena eskatu dute

Aixeindar sozietateak (Energiaren Euskal Erakundeak eta Ibedrolak osatutakoa) Azazetan, Iturrietako mendietan, Labrazan eta Arkamon egin nahi ditu parkeok.

Lau parkeak Araban eraiki nahi ditu Aixeindarrek.
Parke eoliko bat.
Lau haize-parke eraikitzeko tramitazioa hasi du Aixeindar elkarteak

1:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aixeindar sozietateak Araban lau parke eoliko eraikitzeko baimena eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Zehazki, honakoetan egin nahi ditu parkeok: Azazetan (Arraia-Maeztu eta Bernedo udalerrietan), 40 MW-eko potentziarekin; Iturrietako mendietan (Arraia-Maeztu), 75 MW-eko potentziarekin; Labrazan (Oion), 40 MW-ekin eta Arkamon (Erriberagoitia), 95 MW-ekin.

Hala iragarri dute sozietatearen jabe diren EVE Energiaren Euskal Erakundeak (akzioen % 40 ditu) eta Iberdrolak (gainerako guztien jabe da).

Lau baimenetako hiru (Iturrieta mendietakoa, Arkamokoa eta Labrazakoa) Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan aurkeztu dute, eta laugarrena, Azazetakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean. Izan ere, 50 MW-eko potentzia baino handiagoa duten eta erkidego bati baino gehiagori eragiten dieten parke eolikoak (Labrazakoak Nafarroari ere eragiten dio) Ministerioan izapidetu behar dira.

Administrazioek abenduaren 25era arte dute erabakia hartzeko.

Sozietatea haizearen indarra neurtzen ari da hainbat kokalekutan, energia ekoizteko dituzten aukerak zeintzuk diren jakiteko. Energiaren Euskal Erakundearen arabera, energia eolikoa ekonomiaren deskarbonizazioari eta klima aldaketari aurre egiteko "ezinbesteko tresna" da.

"Albiste bikaina", Tapiarentzat

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren ustez, baimenak eskatu izana "albiste bikaina" da. "Urrats hori, txikia badirudi ere, mugarri historikotzat hartzen dugu", adierazi du.

Tapiak gogorarazi duenez, Jaurlaritzaren helburuetako bat da "energia berriztagarrien kuota energia-kontsumoaren % 20 izatea", eta 2050erako energia eolikoa "gehiengoa" izatea espero dutela erantsi du.

Horren ildoan, aitortu du Euskadi "atzeratuta" dagoela alor horretan, gaur egun, % 8 sortu eta % 16 kontsumitzen dugulako. Beraz, horren ustez, beharrezkoa da produkzio eta kontsumo handiagoari lagunduko dioten politikak areagotzea.

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia ere energia eolikoko proiektuen "alde" agertu da, betiere "lege eta ingurumen baldintzak beteta". Hala, Gonzalezentzat "ohorea" izango litzateke Araba Euskadiko energia berriztagarrien buru izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Iberdrola Araba Eusko Jaurlaritza Euskal mendiak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa Energia berdeari buruzko albisteak Arabako Mendialdeko albisteak