Ekonomia -

Lan-ezbeharra

Langile bat hil da bihotzekoak jota Petronorren findegian, Muskizen

Indusaleko langile bat da hildakoa, Bizkaiko lantegian suaren aurkako arropa jasotzeaz arduratzen den enpresakoa, hain zuzen ere.

Petronor, Muskizen. Argazkia: Efe
Petronor, Muskizen. Argazkia: Efe
Petronor, Muskizen. Argazkia: Efe

agencias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indusaleko langile bat hil da gaur bihotzekoak jota Petronorren Muskizko (Bizkaia) findegiko sarrera kontrolera iristear zenean. Indusalek suaren aurkako arropa jasotzen du lantegi bizkaitarrean.

Petronorrek jakinarazi duenez, 05:30 aldera, findegiko sarrera kontrolera iristear zela, eta eskuak garbitzeko zorian zegoenean, bihotzekoak jota hil da Indusaleko langile bat.

Petronorreko Mediku Zerbitzuei jakinarazi diete, bertatik 50 metrora daudelako, eta 112rekin harremanetan jarri eta suspertzeko ariketak egin dizkiote. Dena dela, eta Osakidetzaren ZIU mugikor bat bertaratu bada ere, langilea bertan hil da 06:00ak inguruan.

Petronorreko langileek eta zuzendaritzak "atsekabe handia" agertu dute heriotzagatik, eta lankide, senitarteko eta lagunei doluminak helarazi dizkiete.

LABen arabera, "istripu ez-traumatikoak ere lan-ezbeharrak dira"

LAB sindikatua atsekabetua agertu da Indusaleko langilearen heriotzaren aurrean, eta horrekin lotuta adierazi du istripu ez-traumatikoak ere lan-ezbeharrak direla.

Ohar batean, sindikatu horrek azaldu du lanean hasi behar zen unean hil dela behargina, bihotzekoak jota.

"Azken heriotza honekin, 65 dira dagoeneko Euskal Herrian urtea hasi zenetik hil diren langileak. Gainera, Joaquin Beltran desagertuta dago oraindik Zaldibarko zabortegiko hondakinen artean", salatu du LABek.

Ildo horretan, elkartasuna adierazi nahi izan die Muskizen gaur hil den beharginaren senitarteko eta lankideei.

"Ez dira lan orduetan halabeharrez gertatzen, alegia, ez dira zorte txarragatik jazotzen, enpresariek dioten bezala. Argi dago lan-baldintza kaskarretan lan egiteak, presioak eta estresak lagundu egiten dutela gisa horretako istripuetan", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Petronor Muskiz Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak