Ekonomia -
Lan-gatazka
Bilboko zamaketariek bertan behera utzi dute greba, negoziazioari ekiteko
Sindikatuek uste dute egokiena izango litzatekeela datorren astean bertan lehenengo bilera egitea Bilboestibarekin, Ministerioak ezarritako egutegia betetzeko.
agentziak | erredakzioa
Bilboko portuko zamaketariek bertan behera utzi dute urriaren 9an abian jarritako greba, eta larunbat honetan lanera itzuliko dira, sindikatuek eta enpresek gatazkari irtenbidea emateko Espainiako Lan Ministerioak proposatutako ibilbide orria onartu ostean.
Sindikatuetako iturrietatik jakinarazi dutenez, Ministerioak idatzi bat bidali die bi aldeei, sindikatuek eta enpresak Lan Zuzendaritza Nagusiaren ibilbide orria onartu ostean "jarraibideak" emateko.
Hori horrela, sindikatuek larunbat honetako goizeko zortzietatik aurrera "greba eskubidea ez egikaritzeko" eskatu die langileei, hau da, bertan behera geratuko da 57 eguneko greba.
Ministerioak Bilboestibari eta sindikatuei igorritako idatzian, negoziazioa hasteko eskatzen zaie, eta aldebiko bi bilera egitea gutxienez "abenduaren 21era arte, prozesu honetako baldintza den heinean".
Gainera, sindikatuei eta enpresei hiru aldeak abenduaren 22ko eguerdian Ministerioaren egoitzan elkartzea proposatu die, ibilbide orrian oinarrituta.
Sindikatuek uste dute egokiena izango litzatekeela datorren astean bertan lehenengo bilera egitea Bilboestibarekin, Ministerioak ezarritako egutegia betetze aldera.