Ekonomia -
Lan-gatazka
Bilboestibak negoziazioa onartu du, baina baldintzekin
Zeregin gehigarriak negoziazio kolektibotik kanpo utzi nahi dituzte, baina sindikatuek ez dute halakorik onartzen.
agentziak | erredakzioa
Bilboko portuko zamaketa enpresek onartu egin dute Espainiako Lan Ministerioak proposatutako negoziazioa langileekin duten gatazkari aterabidea emateko, baina baldintzak jarri dituzte, zeregin gehigarriak negoziazio kolektibotik kanpo uztea, besteak beste.
Bilboko Portuko zamaketariak greban daude iragan urritik. Ministerioak aste honetan bertan ibilbide orri bat proposatu zien, eta sindikatuek onartu ostean, enpresen erantzunaren zain zeuden, gaur amaitzen baitzen epea.
Bilboestiba-CPE osatzen duten enpresek negoziazio prozesuan parte hartzeko prestutasuna agertu diote Lan Zuzendaritza Nagusiari, baina "egungo araudira egokituta badago".
Hori horrela, "zeregin gehigarriak negoziazio kolektibotik kanpo utzi behar dira, legalki geratu direlako kanpoan", baina sindikatuak horren aurka daude. Hori da puntu gatazkatsuenetako bat, enpresek uste baitute zeregin gehigarriak ez direla zamaketarien lana.
Enpresek jartzen duten beste baldintzetako bat garraio horizontalaren jarduerak ere kanpoan geratu behar direla da, "gai hori EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak interpretatu eta berretsi du".
Era berean, Bilboestibak uste du nahitaezkoa dela greba deialdia bertan behera uztea eta lan erritmoak bere onera itzultzea.
Lan Ministerioak bideratutako prozesu honen amaieran akordiorik ez balego, enpresak proposatzen du bi aldeak arbitrajearen mende geratzea adostu ezin izan dituzten gaietarako.