Ekonomia -

Lan-gatazka

Bilboko Portuko zamaketariek Espainiako Gobernuaren ibilbide-orria onartu dute

Enpresek Lan Ministerioaren proposamena onartzen badute eta negoziazioa abiatzen bada, greba bertan behera utziko dutela agindu dute sindikatuek.

Zamaketarien mobilizazio bat Bilboko portuan.
Zamaketarien mobilizazio bat Bilboko portuan.
Zamaketarien mobilizazio bat Bilboko portuan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Portuko zamaketarien eta enpresen arteko lan-gatazka negoziazioaren bidez konpontzeko Espainiako Gobernuko Lan eta Ekonomia Sozialerako Ministerioak atzo proposatu zuen ibilbide-orria onartu dute sindikatuek.

Joan den urritik, lanuzteak eta mobilizazioak egiten ari dira zamaketariak Bilboko Portuan. Sindikatuetako iturriek azpimarratu dute enpresek proposamen hori onartzen badute, "berehala" emango diotela amaiera grebari. Halaber, negoziazioak irauten duen bitartean lanuzte gehiago ez deitzeko konpromisoa hartuko luketela aurreratu dute.

Lan Ministerioaren ibilbide-orria asanbladara eraman dute,  "baina ez da bozketarik egin, langileek argi baitute aspalditik eskatzen ari garen negoziazioari aukera bat eman behar zaiola", erantsi dute.  

Sindikatuek gaur bertan igorriko diote Lan Zuzendaritzari jakinarazpen bat Espainiako Gobernuaren negoziaziorako proposamena onartzen dutela baieztatuz.

Aldebiko bilerak

Lan Ministerioaren ibilbide-orriaren arabera, aldebiko bilerak izango lirateke enpresa eta sindikatuen artean, eta ondoren Lan Ministerioarekin batzartuko lirateke nor bere aldetik, "aurrerapenen berri emateko edo oztopo zehatzak aipatzeko".

Negoziazioaren lehen zatian bi aldeek gutxienez bi bilera egitea aurreikusten da eta abenduaren 22an hiriko batzarra egingo lukete alde sozialak, enpresariek eta Ministerioaren ordezkaritzak.  

Hortik aurrera negoziaketaren bigarren fasea abiatuko litzateke eta hiruko bilera definitiboa urtarrilaren 13an egingo lukete Ministerioaren egoitzan.

Espainiako Gobernuak abenduaren 3a arteko epea eman die aldeei bere proposamena onartzen duten ala ez jakinarazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Grebak Lana Bilboko Portua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak