Ekonomia -
EAEko aurrekontuak
Legebiltzarrak aurrekontuak otsailaren 11n onartzea espero du Jaurlaritzak
Elkarrekin Podemos-IUk iragarri du aurrekontuekin lotutako akordioa hitzartu nahi duela PSE-EErekin, baina, Zupiriaren esanetan, horrek ez ditu Jaurlaritzaren planak aldatuko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Legebiltzarrak EAEko 2021eko aurrekontuak datorren otsailaren 11n onartzea espero du Eusko Jaurlaritzak, Bingen Zupiria bozeramaileak astearte honetan esan duenez.
Haren esanetan, Iñigo Urkulluk zuzendutako gobernuaren asmoa da oposizioarekin akordioak bilatzea "aurrekontuek ahal den babesik handiena" izan dezaten.
Elkarrekin Podemos-IUk, baina, iragarri berri du aurrekontuekin lotutako akordioa hitzartu nahi duela PSE-EErekin, eta horri buruz Zupiriak esan du koalizio morearen asmoek ez dituztela Jaurlaritzaren planak aldatuko.
"Jaurlaritzak dagoeneko jardunbidea diseinatu du, eta aurrekontuen negoziazioan zein ordezkari izango dituen ere erabaki du. Bide horri eutsiko diogu, Elkarrekin Podemos-IUren asmoak gorabehera", adierazi du. Hain zuzen ere, Irungo (Gipuzkoa) Udalean PSE-EErekin adostutako akordioaren ondotik erakutsi zuen Elkarrekin Podemosek sozialistekin akordio gehiago ituntzeko nahia.
Epeak
Bestalde, Zupiriak azaldu du abenduaren 15ean Gobernu Kontseiluan aurrekontuekin lotutako akordioa onartu eta "berehala" bidaliko dituztela kontuak Legebiltzarrera. Hala, otsailaren 11rako prozesu guztia bukatuta egotea aurreikusi du.
Edozein kasutan, gogora ekarri du abenduaren 15ean aurrekontuak onartu ostean, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak bilera-sorta abiatuko duela oposizioko alderdi guztiekin, akordioak bilatze aldera. Oposizioaren babesik gabe ere, aurrekontuak bermatuta dituzte, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa baitute Legebiltzarrean.