Ekonomia -
Lan gatazka
Espainiako Gobernuak ibilbide orria proposatu du Bilboko Portuko zamaketarientzat
Zamaketariei greba bertan behera uzteko eskatu die, eta enpresari bitartekaritza onartzeko. Abenduaren 3ra arteko epea eman die aldeei erabakia hartzeko.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren Lan Zuzendaritza Nagusiak lan gatazkaren irtenbide negoziatua lortzeko ibilbide orria helarazi die BilboEstiba enpresari, konpainiako enpresa akziodunei eta greba deitu duten sindikatuei. Proposamena onartzeko edo atzera botatzeko epea ostegunean amaituko da, abenduaren 3an.
Sindikatuetako iturrietatik jakinarazi dutenez, astearte honetan zamaketarien sindikatuek batzarra egingo dute Ministerioaren proposamena aztertzeko eta bitartekaritzari baietz edo ezets esan erabakitzeko.
Lan Zuzendaritza Nagusiaren arabera, gatazkari irtenbide negoziatua emateko "lekua argia" dago, sindikatuen aldarrikapenetan "lan-hitzarmenen negoziazioarekin lotutako" gauzak daudelako, eta "horrek negoziatutako irtenbidea emateko elkarrizketa prozesua" eskatzen du.
Aldebiko bileren eskema batean oinarritzen da Ministerioaren proposamena, eta ondoren etorriko lirateke batzarrak Ministerioarekin, oztopoak eta aurrerapausoak jakinarazteko.
Ministerioarentzat, enpresak proposamena onartzeak "negoziaziorako borondatea" erakutsiko luke, eta "zamaketarien lan harremanen hobekuntza" bilatzeko apustua.
Sindikatuen kasuan, Ministerioak azpimarratu du grebak bertan behera geratzea ekarri beharko lukeela, "elkarrizketarako apustu gisa eta asmo ona erakusteko".
Ibilbide orria
Lan Zuzendaritza Nagusiak aldebiko negoziazioa proposatzen du abenduaren 22ra arte, eta denbora tarte horretan enpresak eta langileen ordezkariek gutxienez bi bilera egitea.
Hala, azken egun horretan batzarra egingo lukete bi aldeek eta Ministerioak, Madrilen.
Aldebiko negoziazioaren bigarren fasea abenduaren 23tik urtarrilaren 12ra izango litzateke, eta tarte horretan ere gutxienez bi batzar egitea galdegin du Ministerioak. Azken bilera urtarrilaren 13an izango litzateke, Ministerioaren egoitzan, eta bertan egongo lirateke enpresa, langileen ordezkariak, eta Lan Zuzendaritza Nagusikoak.