Ekonomia -
LAN GATAZKA
Grebarako deia egin dute abenduaren 10ean eta 11n Gipuzkoako adinekoen egoitzetan
ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, enpresek eta erakundeek entzungor egiten diete euren aldarrikapenei. Besteak beste, hitzarmena eta langile kopurua egokitzea eskatzen dute.
EITB.EUS
Beste bi greba egun deitu dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. ELA eta LAB sindikatuek grebarako deialdia egin dute abenduaren 10ean eta 11n, besteak beste, lan hitzarmea eguneratzea eta langile kopurua egokitzea eskatzeko.
LAB sindikatuak ohar batean azaldu duenez, bi lehentasun horiez gain, sistema osoa goitik behera aldatzea eskatzen dute. "Aski da enpresek diru publikorekin negozio egitea. Pribatizazioan oinarritutako sistema honek langileek bizi dugun prekarietatean areagotzen du eta modu zuzenean eragiten du egoiliarrek jasotzen duten arretan", salatu du.
Sindikatuaren hitzetan, urteak daramatzate sektorearen errealitatea zein den salatzen, baina, erakunde eta enpresek entzungor egiten omen diete euren aldarrikapenei. "Erakunde eta enpresen jarrera ikusita, badirudi gatazka langile, egoiliar eta hauen senideena dela soilik", baina egoera "jasangaitz" horrek jendarte osoari eragiten diola azpimarratu du.
Pandemiak lehendik ere bazeuden gabeziak ageriago utzi dituela nabarmendu du LABek. Horren aurrean, langileen jarrera goraipatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena deitoratu du.
"Langileek berriro ere euren profesionaltasuna erakutsi dute eta egoera gogor zein latz honetan duten onena ematen ari dira, egoiliarrak maite dituztelako eta euren eskubideen defentsan ere borrokan jarraituko dutelako", gaineratu du.
Amaitzeko, abenduaren 10eko eta 11ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.