Ekonomia -

KORONABIRUSA

Bizkaiak salbuespen fiskalak onartuko ditu talde zigortuenei laguntzeko

Foru Aldundiak pandemiaren kalte handiena jasan duten sektoreak babesteko eta bultzatzeko neurri berriak onartuko ditu abenduan, eta atzera eraginez urtarrilaren 1etik aurrera izango du balioa.

Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkura. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak
Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkura.
Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkura. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak salbuespen fiskalak onartuko ditu abenduaren hasieran administrazio publikoak krisiaren kaltea jasan duten "kolektiboei zuzendutako edozein laguntza zuzenentzat", eta atzera eraginez aplikatuko du, 2020. urtearen hasieratik.

Rementeriak Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkuran iragarri du neurri berriak hartuko dituztela, Iker Rahona EH Bilduko diputatuari erantzunez.

Rahonak ostalaritzaren egoera deitoratu du eta Aldundiaren "aurreikuspen eta autokritika falta" kritikatu du. EH Bilduko ahaldunak ohartarazi duenez, ostalarien elkarteek "ez dituzte adabakiak eta limosnak eskatzen", "laguntza eraginkorrak" eta "benetako erreskate plan bat" baizik.

Bere erantzunean, sektorearen egoera zailaren aurrean elkartasuna adierazi dio Rementeriak ostalaritzari, eta Aldundiak erabakiak "guztiengan pentsatuz" hartzen dituela azpimarratu du.

Diputatuak alarma-egoera hasi zenetik ezarritako neurriak errepasatu ditu, eta, zergen atzerapenak luzatzeaz gain, pandemiak bereziki zigortutako sektoreak babesteko eta bultzatzeko neurri berriak onartuko dituztela azaldu du.

Neurri berriak abenduaren hasieran onartuko dituzte, eta atzera eragina izango dute, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera balioko baitute.

Neurri berriak

Ahaldun nagusiaren esanetan, "PFEZtik salbuetsita egongo dira 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin" Eusko Jaurlaritzak alokairuan eta babestutako etxebizitzan dauden pertsonei eta familiei etxebizitza-eskubidea bermatzeko ematen dituen laguntzak, Eusko Jaurlaritzak familiei laguntzeko berariaz ematen dituenak, laneko eta familiako bizimodua uztartzekoak, eta merkataritza-, turismo- eta kultura-sektoreko bonuei emandako laguntzak.

Salbuespenen zerrendan, "administrazio publiko guztiek behargin edo autonomoei emandako ezohiko laguntzak salbuesteko neurriak" daude, "batez ere, turismo, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetako autonomoei emandako laguntzak, eta baita Lanbidek autonomoei zuzenduta eman dituen edo emango dituenak ere".

Gainera, Rementeriaren arabera, "inpaktua jasan duten kolektiboei zuzendutako eta administrazio publiko batek emango duen edozein laguntza zuzen ere" egongo da PFEZ ordaintzetik salbuetsita, eta langile autonomoek 2021eko urtarrilean egin beharreko ordainketa salbuestea ere onartuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Lanbide Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa