Ekonomia -

Lan gatazka

Hezkuntzako garbitzaileen bigarren greba egunak "jarraipen zabala" izan du

ELA, UGT, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek salatu dute pandemiak "larriagotu" egin dituela jada kaskarrak ziren sektore honen baldintzak. Ezarritako gutxieneko zerbitzuak ere kritikatu dituzte.

Leioako campuseko Errektoretzaren aurrean egindako elkarretaratzea. Argazkia: ELA sindikatua
Leioako campuseko Errektoretzaren aurrean egindako elkarretaratzea.
Leioako campuseko Errektoretzaren aurrean egindako elkarretaratzea. Argazkia: ELA sindikatua

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, UGT, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko zein EHUko zentroetan azpikontratatuta lan egiten duten garbitzaileek bigarren greba eguna egiten ari dira asteazken honetan (lehena, hilaren 19an egin zuten). Sindikatuon arabera, "jarraipen zabala" izaten ari da lanuztea.

Goizeko elkarretaratzeen ostean, eguerdian manifestazioak egin dituzte langileek Bilboko San Mameseko zabalgunean, Gasteizko EHUko Errektoretzan eta Donostiako Ibaeta campusean. 

Sindikatuok ohar bateratu batean nabarmendu dutenez, "urteak" daramatzate ikastetxeetako garbitzaileen egoera "prekarioa" salatzen, baina pandemiarekin "larriagotu" egin dela azpimarratu dute. Diotenez, gutxienekoen azpitik daude langileak, "lanaldi osoak betetzeko kontratu partzialak egiten direlako eta bajak ez direlako betetzen". Halaber, COVID-19k eragindako kutsatzeak "beranduegi" komunikatzen direla eta norbera babesteko ekipamenduak (EPI) ez direla iristen salatu dute.

Sindikatuek, halaber, Lan eta Enplegu Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak kritikatu dituzte (% 30ekoak ezarri ditu Jaurlaritzak). Izan ere, "nahiz eta teorian emakumezko langileen greba-eskubidea gauzatzea ahalbidetzen duten, ezinezkoa da ezarritako zeregin guztiak ezarritako ehunekoekin egitea: Posible al da lau ordu lan egiten duen langile batek hiru aldiz garbitzea eta desinfektatzea komunak, bi aldiz ikasgelak, zakarrontziak hustu eta garbitzea, heldulekuak, ateak, eskudelak, zoruak, telefonoak... desinfektatzea?", galdetu dute. Horrez gain, gutxieneko zerbitzu horiek greba baino 24 ordu lehenago ezagutu izana baztertu dute

Azkenik, ELA, UGT, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek Hezkuntza Sailaren jarrera gaitzetsi dute, eurekin biltzeari uko egin diolako, eta "langileen errespetua eta lan baldintza duinak lortzeko mobilizatzen" jarraituko dutela aurreratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Langile Abertzaleen Batzordeak EHU berriak Grebak gaur Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Sindikatuen azken ordukoa CCOO UGT Langileen Batasun Orokorra Lan gatazkak azken ordukoa ESK sindikatuaren azken ordukoa