Ekonomia -
Zaldibarko zabortegia
Beltran beste bi zonatan hasiko dira bilatzen, B1 eremuan lanak bukatutzat jo ostean
"Nahiz eta azkenekoz ikusi zuten tokian aurkitzeko bermerik ez izan, logikoa zen bilaketa bertatik hastea", esan du Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Joaquin Beltran langilea B1-A zonaldean bilatzeko lanak "ia amaitutzat" jo ditu Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak gaur. Desagertutako behargina azkenekoz bertan ikusi zuten, otsailean Zaldibarko zabortegian luizia gertatu zenean. Horregatik, alboko beste bi eremu prestatzen ari dira, bilaketa lanekin jarraitzeko.
SOS Deiakek APPak eskaintzen dituen zerbitzu berriak aurkeztu ditu Erkorekak prentsaurrekoan, Bilbon. Beltran zabortegian topatzeko bilaketa dispositiboaren nondik norakoak azaldu ditu agintariak.
Eusko Jaurlaritzako presidenteordeak gogorarazi duenez, "duela aste batzuk" B1-A eremuan bilatzen hasi ziren. "Lehentasunezko" zonaldea zela uste zuten, behargina azkenekoz bertan ikusi zutelako, erantsi duenez.
"Nahiz eta azkenekoz ikusi zuten tokian aurkitzeko bermerik ez izan, logikoa zen bilaketa bertatik hastea", adierazi du Josu Erkorekak. Azken asteetan bilaketa lanak "ohiko zorroztasunarekin" egin dituztela ziurtatu du sailburuak, eta une honetan "ia amaitutzat jo daitezke".
B1-B eta B4-Hegoaldea
Horregatik, "esparrua prestatzen ari dira, bilaketa alboko bi eremutara zabaltzeko, B1-B eta B4-Hegoaldea zonaldeetara, hain zuzen ere", azpimarratu du buruzagiak; izan ere, azkenekoz ikusi zuten unetik luizia gertatu zen arte, langileak "bi norabideak hartu ahal izan zituen eta, ondorioz, bietan egon daiteke".
Eguraldiaren menpe beti, "asteak" lanean emango dituztela nabarmendu du Segurtasun sailburuak. Lanen iraupenean meteorologia faktore "oso garrantzitsua" dela ohartarazi du Erkorekak.