Ekonomia -

Lana

Bilbok 1.012 lanpostu sortuko ditu 2021era arte COVID-19aren krisiari aurre egiteko

Jaurlaritzak eta Udalak finantzatutako planak "hiribilduan orain arte sortu den enplegu aukerarik garrantzitsuena da". Krisiagatik lanpostua galdu duten pertsonak kontratatzea bultzatuko dute.

COVID-agatik lanpostua galdu duten pertsonak kontratatzea bultzatuko da. Argazkia: EFE
Eraikuntzako langile bat Bilbon.
COVID-agatik lanpostua galdu duten pertsonak kontratatzea bultzatuko da. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"2020-2021eko Bilboko Enplegu Plana"k 1.012 lanpostu sortuko ditu datorren urtera arte COVID-19ak sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko. Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak finantzatutako planak "hiribilduan orain arte sortu den enplegu aukerarik garrantzitsuena da", Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak eta Amaia Arregi Bilboko alkateordeak nabarmen dutenez.

Hain justu, Mendiak eta Arregik gaur aurkeztu dute plana. 2019ko planak baino ia 100 pertsona gehiago kontratatuko dituzte plan berri honekin, eta berrikuntza gisa, enplegua COVID-19aren ondoriozko alarma egoera ezarri ondoren galdu duten pertsonak kontratatzea bultzatuko da.

Guztira, 10,9 milioi euroko inbertsioa egingo da. Eusko Jaurlaritzak 8,9 milioi euroko ekarpena egingo du, eta Bilboko Udalak, berriz, bi milioi euro gehiago jarriko ditu, hau da, iaz baino 600.000 euro gehiago.

Programak bi plan ditu bere baitan: Enplegu Plan Arrunta eta Gazteen Enplegu Plana. Biak ala biak honakoei daude zuzenduta: Lanbiden izena emanda eta Bilbon erroldatuta dauden pertsonei, diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradunei, 35 urte azpiko gazteei, luzaroko langabeei, gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei, eta berrikuntza gisa, COVID-19agatik enplegua galdu duteneni.

962 eta 50 lanpostu, hurrenez hurren

Enplegu Plan Arruntaren bidez, 962 lanpostu berri sortuko dira, iaz baino 264 gehiago. Guztira, ia 8,8 milioi euroko aurrekontua egongo da. Oraingoan, hiriaren ekonomia berraktibatzea lortzeko, enplegua enpresa pribatuetan sortzea bultzatuko da, eta, horretarako, 701 pertsona kontratatuko dira (iaz baino 61 enplegu gehiago).

Berritasun gisa, COVID-19aren ondorioz enplegua galdu duten pertsonak kontratatzea sustatuko da. Bestalde, lantaldera emakumeak sartzen dituzten pertsonek % 10eko gehikuntza jaso ahal izango dute laguntzetan.

Mendia y Arregi, durante la presentación del plan.

Mendia eta Arregi, planaren aurkezpenean. Argazkia: Bilboko Udala.

Lanpostu guztietatik, Udalak zuzenean 311 enplegu kudeatuko ditu Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez.

Gazteen Enplegu Planaren kasuan, 2,2 milioi euroko aurrekontua du, eta 50 lanpostu berri sortuko dira erdi-mailako edo goi-mailako titulazioa duten 30 urte baino gutxiagoko gazteen artean. Kontratazioak 12 hilabete iraungo du, lanaldi osoan, eta tokiko esparrutik sustatuko dira. Bilboko Udalak eta udaleko entitate zein arloak zuzenean antolatuko dira kontratazioez.

Horrez gain, Prestakuntzarako eta Enplegurako 5 proiektu berezi abiarazi dituzte aurten, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala, Otxarkoaga eta Txurdinaga eta Uribarri eta Iralabarri auzoetan aplikatzeko.

Tokian tokiko enplegu planak

Idoia Mendia lehendakariordeak nabarmendu duenez, Jaurlaritzak 148 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteetan tokian tokiko enplegu planak sustatzeko, eta horiei esker, 15.650 lanpostu berri sortuko dira. Halaber, "gazte enplegurako 27.000 aukera" sortzea aurreikusi dute, 162 milioi euroko aurrekontua duen plan batekin.

Mendiaren ustez, tokian tokiko enplegu plan horiek "kogobernantzaren eredu dira", eta "gertuen dugunaren alde egitea herri apustua" dela frogatzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Langabezia Eusko Jaurlaritza Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Enpresaburuak Koronabirusa