Ekonomia -

Greba

Ikastetxeetako garbitzaileek lanuztea egin dute konponbidea aldarrikatzeko

Norbera babesteko ekiporik ez dutela, lan-zama handitu dietela eta bajak ordezkatzen ez direla salatu dute. "Funtsezkoak garela esaten dute, baina minimoetan gaude", ohartarazi dute.

Langileek Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: LAB sindikatua
Langileek Bilbon egindako manifestazioa.
Langileek Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: LAB sindikatua

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, ikastetxeetako eta unibertsitateko garbiketaz arduratzen diren azpikontratatutako langileek greba egin dute, "funtsezkoak" direla esan arren, "minimoetan" daudela salatzeko.

Agiri bateratu batean, sindikatuek azpimarratu dute grebak jarraipen zabala izan duela, mobilizazioak goizean goizetik abiatu dituztela eta ikasle taldeen eta irakasleen babesa izan dutela.

Horrez gain, fakultateetan "segurtasun neurri zorrotzak" izan direla eta segurtasun zaindarien "jazarpena" jasan dutela salatu dute. Bilbon, Ertzaintzak manifestari bati isuna jarri diola eta Gasteizko kanpusean greba-batzordeari EHUren instalazioetan sartzea galarazi diotela jakinarazi dute.

Edonola ere, protestak jendetsuak izan direla azpimarratu dute. Lan-gatazka aspalditik dator, baina pandemiarekin lan-baldintzak okertu egin direla ohartarazi dute. "Egun, norbanakoa babeste ekiporik gabe ari dira lanean, bajak ez dira ordezkatzen eta COVID-19agatik lan-zama handitu diete", salatu dute.

"Lau orduko lanaldi batean langile batek hiru aldiz garbitu behar ditu komunak eta bi aldiz ikasgelak; zakarrontziak hutsitu eta garbitu behar ditu; eta zentroko ate guztiak, zorua, altzariak eta telefonoak desinfektatu behar ditu. Nola da posible hori guztia lau ordutan egitea?", galdetu dute.

Lan-gatazka honetan inplikatu daitezela eskatu diete garbiketako enpresei, Hezkuntza Sailari eta EHUri. "Hitzetik ekintzetara pasatzea nahi dugu, konpromisoak nahi ditugu eta laster sei urte beteko dituen gatazka konpontzeko negoziatzeko prest gaude", nabarmendu dute.

Alabaina, bien bitartean mobilizazioei eutsiko diete sindikatuek. Hala, hurrengo lanuztea hilaren 25ean egingo dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Manifestazioak Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak Koronabirusa