Ekonomia -
Trapagaran
Productos Tubularesek 382 langileri eragingo dien ABEEEa aurkeztu du, ELAren arabera
Erregulazio espedienteak ia langile guztiei eragingo die (420 dira guztira). Irailera arte izandako bost milioi euroko irabaziak "nora joan" diren galdetu du ELAk.
Agentziak | Erredakzioa
Productos Tubulares enpresak, Tubos Reunidosen filialak, 382 langileri eragingo dien "kontratuak eteteko" aldi baterako erregulazioko espedientea (ABEEEa) aurkeztu du, ELAren arabera. Enpresak 420 behargin ditu, eta beraz, ia guztiei eragingo lieke aldi baterako espedienteak.
Espediente hori negoziatzeko lehen bilera atzo izan zuen sindikatuak Trapagaranen (Bizkaia) dagoen enpresaren zuzendaritzarekin.
ELAk ohar batean nabarmendu duenez, "beste behin, langileen eskubideak malgutu eta urratu nahi ditu Productos Tubularesek. Euren izerdiari esker, enpresak bost milioi euroko EBITDA positiboa izan du irailera arte. Dirutza hori nora doan jakin nahiko genuke".
Sindikatuaren iritzian, "argi dago ez dutela baliatzen enpresak bideragarri izaten jarrai dezan; areago, 2017tik hona langileen soldatak izoztuta dauzkate".
Hori horrela, ELAk "kezka" adierazi du enpresaren etorkizunagatik eta hainbat galdera egin ditu: "Zer etorkizun daukagu talde honetan, bere arduradunak itxuraz gure hazkundea eragozteko lehian dabiltzanean? Zeintzuk dira benetako asmoak taldearen zuzendaritzak lantegi honekiko daraman fiskalizazio eta autonomiaren kontrako estrategia ikusirik?"