Ekonomia -
Lan gatazka
Berantevillako lantegiko beharginen % 22 kaleratu nahi du Aernnovak
Enpresa batzordeak argi du ez duela enplegu erregulazioko espedientea onartuko, eta lehendakariari eskatu dio, "albora begira" jarri beharrean, lan gatazka honetan esku har dezala.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aernnovaren zuzendaritzak sindikatuei jakinarazi die Berantevillako (Araba) lantegian enplegu erregulazioko espedientea aurkeztuko duela, eta langileen % 22ri eragingo diola horrek. Kaleratzeak justifikatzeko, zuzendaritzak esan du 2020an 42 milioi euroko galerak izan dituela konpainiak. Gainera, aurreratu du 2021ean aldi baterako lan erregulazio espedientea aplikatuko duela lantegi berean.
Enpresa batzordeko ordezkariekin asteazken honetan izan duen bileran eman die langileei horren berri Aernnovako zuzendaritzak.
Uztailean aurreratu zuten langileria "berrantolatzeko" beharra zutela, eta enpresan 950 behargin baino ez zituztela behar; alegia, orain arte baino % 20 gutxiago.
Berantevillako lantegiaren kasuan, % 22ra igo dute murrizketa, nahiz eta, enpresaren arabera, jarduna % 37 jaitsi den.
Gainera, zuzendaritzak iragarri du 2021eko aldi baterako lan erregulazio espedienteak langileen % 15i eragingo diola, "ahal den neurrian jardunari eutsi ahal izateko".
Aernnovako enpresa batzordeak ez ditu kaleratzeak onartuko
Aernnovako Berantevillako enpresa batzordeak argi du ez dituela kaleratzeak (guztira 101) onartuko, eta Iñigo Urkullu lehendakariari galdegin dio "albora begira" jarri beharrean, lan gatazka honetan esku har dezala, aeronautikaren sektorean lanpostu gehiago suntsitu ez ditzaten.
Ohar batean, enpresa batzordeak azpimarratu du konpainiaren asmo bakarra dela azken bost urteetan izan dituen "izugarrizko etekinak" ziurtatzea (290 milioi euro). "Ez gaude egiturazko arazo baten aurrean, bizi dugun egoerak ekarritako arazo baten aurrean baizik", adierazi dute oharrean.
Sindikatuen esanetan, ez da kasualitatea iragarpena COVID-19aren aurkako txertoekin batera iristea, "sektorearen susperraldia gertuago ikusten dutelako, eta horrek argudio gabe utziko lukeelako zuzendaritza".
"Bai Aernnovak eta baita Jaurlaritzak ere jakin badakite bizi dugun egoerarekin zerikusia duen arazo bat dela, eta epe ertainean merkatuak erabateko susperraldia izango duela", erantsi dute.
Hori dela eta, lehendakariari eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuari eskatu diote ez ditzatela multinazional handien kaleratzeak justifikatu.
Dena den, "aldi baterako" proposatzen dituzten neurri guztiak aztertzeko prest agertu da enpresa batzordea, betiere, kaleratzeei uko eginda.