Ekonomia -
Greba
Pertsonak lehenetsiko dituen zaintza publikoa aldarrikatu dute sektoreko langileek
Zaintza sektoreko beharginen lan-baldintzak salatu ditu ELA sindikatuak, eta egun enpresa pribatuen interesak zaintza zerbitzuaren kalitatearen gainetik jartzen direla kritikatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA sindikatuak deitutako grebarekin bat eginda, zaintza sektoreko milaka langile mobilizatu dira astearte honetan Hego Euskal Herrian. Zaintza publikoa izan behar dela eta erdigunean pertsonak jarri behar direla aldarrikatu dute.
Zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan direla eta, ondorioz, behargin asko lanuztea egiteko aukerarik gabe geratu direla salatu du ELAk. Manifestazio nagusiak hiriburuetan egin dituzte: Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Baina hainbat udalerritan ere izan dira mobilizazioak. Halaber, zaintza sektoreko langileek Babestu edo Gipuzkoako Senideak bezalako elkarteen babesa izan dute, baita pentsionistena edo mugimendu feministaren ere.
Bilbon egindako manifestazioaren amaieran, Mikel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hartu du hitza eta lehendabizi zerbitzu minimoak kritikatu ditu: "Langileen eta egoitzetako erabiltzaileen baldintzak hobetzea eskatzeko greba egiteko aukera ere ez digute uzten".
"Funtsezkoak zaretela esaten dute, baina nahitaezkoak izango ez bazinaten bezala tratatzen zaituztete; zaintza ezin da negozioa izan, zaintza kalitatezko zerbitzu publikoa izan behar da mundu guztiarentzat, erabiltzaileentzat eta langileentzat", azpimarratu du.
Ildo horretan, Lakuntzak esan du ELAren helburua zaintza eredua publiko bilakatzea dela eta sektore horretan 10.000 lanpostu sortzea exijituko dutela.
Gauzak horrela, erakundeei "ardura politikoarekin jokatzeko" eta diru publikoa zuzenean zaintzara bideratu dezaten eskatu die, "diru publiko horrekin negozioa egiten duten enpresa pribatuak kontratu beharrean". "Krisi hau betikoek ordaindu dezatela erabaki dute eta politika horrek eragiten duen ezberdintasun eta pribilegioen aurka altxatuko gara", nabarmendu du.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak duela gutxi egindako adierazpenak ere gogor kritikatu ditu. Koronabirusarekin bizitzera ohitzea besterik ez dugula esan zuen Zupiriak. "Agintari batek hori esatea arduragabekeria eta onartezina da; agintariek tragedia honi aurre egiteko bitartekoak eta baliabideak jarri behar dituzte", adierazi du.
"Zaintza sektoreko langileek nola hartu behar dituzte hitz horiek beren lana egiteko zabor poltsekin babestu behar izan direnean?", galdetu du.
Langileen baldintzak hobetu, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko
Lakuntzak esan du premiazkoa dela zaintza zerbitzuaren eredua berehala aldatzea, egungo eredua enpresa pribatuen negozioan oinarritzen delako eta ez pertsonengan. "Langileek eta erabiltzaileek bizitza duinak izatea bermatu beharra dago", gaineratu du.
Bere esanetan, erakunde publikoen eta enpresa pribatuen arteko elkarlana "gezur handia" da. "Ez dago langile nahikorik, lan zama gehiegizkoa da eta horrek erabiltzaileei eskaintzen zaien arretan du eragina, pertsona batek zaindua izateko duen eskubidea urratzeraino", ohartarazi du.
"Lan-egutegiak gehiegizkoak dira, disponibilitatea erabatekoa izan behar da, ordainsariak baxuak dira, soldata-arrakala dago eta baliabideak falta dira, langileen eta erabiltzaileen osasuna arriskuan jarriz", erantsi du.
Pribatizazioaren bidetik jarraituz gero, langileen baldintzak eta erabiltzaileek jasotzen duten zaintzaren kalitateak okerrera egiten jarraituko duela azpimarratu du.