Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Urkulluren eskaria baztertuta, Estatuak ez du zamaketarien greban eskurik hartuko

Greba mugagabeari amaierako emateko asmoz "nahitaezko arbitrajea" ezar dezala eskatu dio lehendakariak Espainiako Gobernuari, baina Garraio Ministerioak aukera hori baztertu du.

Beharginak Bilboko Portuan lanean. EFEren artxiboko irudia.
Beharginak Bilboko Portuan lanean.
Beharginak Bilboko Portuan lanean. EFEren artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari gutun bidez eskatu dio Ministroen Kontseiluak "nahitaezko arbitrajea" onar dezala, Bilboko Portuko zamaketariek egiten ari diren greba mugagabeari amaiera emateko. Alabaina, Garraio Ministerioak aurreratu du oraingoz ez duela horrelakorik egingo eta gatazka negoziazioa bidez konpontzeko deia egin die aldeei.

Bilboestibako zamaketariak greba mugagabea egiten ari dira duela astebetetik, urrian hitzarmen kolektiboaren inguruan egindako lanuzteekin bat eginda.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur goizean jakinarazi du nahitaezko arbitrajearen formula hori erabiltzeko eskatu diola lehendakariak Espainiako Gobernuari. Ezohiko neurri hori gatazka konpontzeko zantzurik ez dagoen greba egoeretan hartzen da.

Zupiriak azaldu duenez, grebak eragin handia izan du EAEko ekonomian eta inguruko erkidegoetakoetan (Nafarroa, Gaztela eta Leon eta Errioxa), eta lehengaien inportazioarekin eta esportazioarekin, produktu siderometalurgikoen garraioarekin, makina-erremintarekin eta automobilarekin lotutako hainbat sektoreri eragin die.

COVID-19aren ondorioengatik "hain egoera delikatua" den honetan, greba jarduera mota guztietan izaten ari den ondorio negatiboek "egoera honi amaiera emango liokeen arbitraje hori eskatzera eraman dute lehandakaria", adierazi du bozeramaileak.

Espainiako Gobernuak baztertu egin du esku-hartzea

Bestalde, Jose Luis Abalos Garraio ministroak esan du Espainiako Gobernuak ez duela lan-gatazka horretan esku-hartzeko asmorik eta aldeei negoziatzeko deia egin die.   

Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak egindako galderari erantzunez, Abalosek adierazi du 2013ko lan-hitzarmena berritu nahi dutela, baina Europako nahiz Estatuko araudiak aintzat hartuta eguneratze hori ez dela posible azaldu du.

Garraio ministroak baieztatu du zamaketa-enpresek eta Eusko Jaurlaritzak lan-gatazka horretan esku-hartzeko eskatu diotela Espainiako Gobernuari.

"Gatazka arretaz jarraitzen dugu eta aldeek bitartekaritza bat onartzea gustatuko litzaiguke, elkarrizketaren bidez grebari amaiera emateko eta, ondorioz, portuetan eta, oro har, jarduera ekonomikoak izaten ari diren kalteak amaitzeko", azpimarratu du.

"Derrigorrezko arbitrajea ezartzeko erabakia Lan Agintaritzak hartu beharko luke eta Ministroen Kontseiluak onartu. Egoera horretara iritsi behar ez izatea espero dugu", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bilboko Portua albisteak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Lan gatazkak albisteak gaur