Ekonomia -

Ostalaritzaren itxiera

Ostalariek kafea edo alkohol gabeko edariak saldu ahalko dituzte mokadurik gabe

Eusko Jaurlaritzak ostalaritzaren itxiera ezartzeko argitaratutako dekretuaren interpretazio irizpideen dokumentua eguneratu du.

Tabernetan kafea bakarrik eskatu ahalko da, mokadu barik. Argazkia: EFE
Tabernetan kafea bakarrik eskatu ahalko da, mokadu barik.
Tabernetan kafea bakarrik eskatu ahalko da, mokadu barik. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eguneratu egin ditu, dokumentu bidez, ostalaritzaren itxiera ezarri zuen dekretuaren interpretazio irizpideak. Dekretua azaroaren 7an sartu zen indarrean, eta ordudanik, tabernak eta jatetxeak itxita daude.

Berrikuntza handiena eramateko kafe eta alkohol gabeko edarien salmentari dagokio. Izan ere, ostalariek baimenduta izango dute horiek mokadurik gabe saltzea (orain arte janari eskaera baten parte izan behar zen). Dena dela, Jaurlaritza gogorarazi du ez dela komeni edaria bide publikoan kontsumitzea. Alkoholdun edariei dagokienez, aurrez ezarritako baldintzak bete beharko dira: hots, janari-eskaera baten parte izan eta aldez aurretik hitzordua eskatuta beharko da. Ezin izango dute soilik edari alkoholdunik saldu eramateko. Dekretuak berariaz debekatzen duela alkohola bide publikoan kontsumitzea.

Hauek dira "ohiko galderen erantzunak" ostalaritza zerbitzuei dagokienez:

Zer dio dekretuak zehazki?

"Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuen erabateko itxiera ezartzen da, hoteletako eta ostatu hartuta dauden bezeroen zerbitzurako beste ostatu batzuetako jantokietan izan ezik. Etxez etxeko otorduak prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, edo bertan jasotzeko aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte.

Itxieratik salbuetsita geratzen dira gasolindegietako eta zerbitzuguneetako jatetxe-zerbitzuak errepidez zirkulatzen ari diren pertsonentzat, osasun-zentro eta -zerbitzuetakoak, zerbitzu sozio-sanitarioetakoak, eskola-, lan- eta unibertsitate-egoitzetako jantokiak eta izaera sozialeko jantoki-zerbitzuak.

Kafetegi-zerbitzua modu osagarrian eskaintzen duten okindegi-gozotegi moduko establezimenduek ezin izango dute zerbitzu hori eskaini, eramateko izan ezik".

Horrez gain, dekretuaren eranskineko 3.3. puntuak debekatu egiten du bide publikoan alkohola kontsumitzea.

Zeintzuk dira neurri horiek hartzeko arrazoiak eta helburuak?

Planeta osoari eragiten dion pandemia global baten erdian gaude. Euskadin osasun-larrialdian gaude. Estatu espainiarrean Alarma Estatua izendatuta dago. Euskadin, neurri horiek hartzean, birusaren transmisio-maila 5. mailakoa da: 5. mailako agertokia, Transmisio Oso Altua.

Birusa komunitatean transmititzeko arrisku handieneko guneetako bat interakzio soziala eta pertsona-taldeak dira, batez ere erlaxazio-testuinguruetan, maskararik erabili gabe eta ohiko bizikideen taldetik kanpo ematen badira. Inguruabar horiek errepikatu egiten dira ostalaritza-zerbitzuen testuinguruan.

Hala ere, ostalaritzak ez du birusa kutsatzen. Horren eragilea da pertsona askok ostalaritza-establezimenduetan gauzatzen duten interakzio sozial jarraitu, erlaxatu, distantzia eta maskararik gabeko portaera pertsonala, aste askoren ondoren iraun duena eta zuzendu ez dena.

Oreka bilatu behar da osasun publikoaren ondasun osoaren eta ahalik eta kalte txikienaren artean. Hartutako neurrien helburua da osasun publikoa zaintzea, erabateko konfinamendua eta horren ondorio sozioekonomikoak saihestea, eta birusa transmititzeko foku nagusiak moztea: mugikortasuna, interakzio soziala eta pertsonak elkartzea erlaxazio, hurbiltasun eta maskararik gabeko testuinguruetan.

Joan naiteke ostalaritza-establezimenduren batera?

Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetako eta zerbitzuetako pertsonen zerbitzurako erabateko itxiera zehazten da, hoteletako jantokiak eta ostatu hartutako bezeroen zerbitzurako beste ostatu batzuk izan ezik. 21:00ak arte bakarrik prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira otorduak etxean bertan edo aurrez hitzordua eskatuta.

Jatetxeek edo tabernek saldu al dezakete edaria edo alkohola etxean edo jasotzeko?

Edozein edari edo alkohol mota saldu ahal izango dute eramateko, janari-eskaera baten parte bada eta aldez aurretik hitzordua eskatuta. Ezin izango dute soilik edari alkoholdunik saldu eramateko. Gogorarazten da Dekretuak berariaz debekatzen duela alkohola bide publikoan kontsumitzea.

Eramateko kafeak edo alkoholik gabeko edariak saldu ahal izango dituzte, nahiz eta janari-eskaera baten parte ez izan. Nolanahi ere, gogorarazten da bide publikoan kontsumitzea ez dela komeni.

Zer edari eskain ditzakete gozotegi-okindegiko establezimenduek, kafetegi-zerbitzu osagarria badute?

Establezimendu horiek kafea edo alkoholik gabeko edariak zerbitzatu ditzakete, eramateko bada. Nolanahi ere, gogorarazten da bide publikoan kontsumitzea ez dela komeni.

Ezin izango dute edari alkoholdunik saldu eramateko. Gogorarazten da Dekretuak berariaz debekatzen duela alkohola bide publikoan kontsumitzea.

Establezimendu horien barruan ezin da ez edaririk ez janaririk kontsumitu, ezta okindegiko edo gozotegiko produkturik ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak Tabernak Koronabirusa Alarma egoera