Ekonomia -
diru-bilketa
Gipuzkoak 3.429,5 milioi euro bildu ditu urrira arte, 2019an baino % 9,7 gutxiago
Jaitsiera horren ondorioz, 370,5 milioi euro gutxiago bildu dituzte, diru-sarrerak % 7,3 jaitsi direlako eta itzulketak % 1,2 igo direlako.
agentziak | erredakzioa
Zerga bilketa metatua % 9,7 murriztu da Gipuzkoan urrira arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 3.429,5 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2019an baino 370,5 milioi euro gutxiago batu dira, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren ondorioz.
Foru Aldundiak ostiral honetan ohar batean azaldu duenez, diru-sarrerak "nabarmen" jaitsi dira ( % 7,3), eta itzulketak % 1,2 igo dira.
Jabier Larrañaga Ogasun eta eta Finantzetako diputatuak adierazi duenez, zerga bilketak zertxobait berreskuratzera egin du azken hilabeteetan. Hala ere, ohartarazi du urteko azken bi hilabeteak inoiz baino garrantzitsuagoak izango direla; izan ere, COVID-19 gaitzaren krisiari aurre egiteko azken neurriek eragina izango dute jarduera ekonomikoan eta, ondorioz, zerga bilketari eragingo diote.
Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko zergarekin hasiz, lan atxikipenen atalean 13 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%1). PFEZ bere osotasunean hartuta ere emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 40,3 milioi euro gehiago batu dira eta (+%3).
Bestalde, honako hiru kontzeptu hauek erdibana egiten dira PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergaren artean: behera egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 13,8 milioi (-%16,1) eta 2,8 milioi (-%6,5). Aldiz, hazi egin dira ondare irabazien gaineko atxikipenak, 8,6 milioi euro gehiago bildu baitira (+%31).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak 58,6 milioi euro gutxiago jaso ditu: sarrera gordinak 1,7 milioi euro igo dira, eta itzulketak 60,3 milioi eurotan murriztu.
Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %16,5 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 180,7 milioi euro gutxiago: 109,9 milioitan jaitsi dira sarrerak (-%9), itzulketak 52,1 milioi jaitsi dira (-%8,8) eta lurralde arteko doikuntzak 122,9 milioi eurotan murriztu dira (-%26,3).
Zerga berezietan, Hidrokarburoen gaineko Zerga 53,5 milioi eurotan jaitsi da (-%14,7).
Azkenik, Estatuarekiko doiketei dagokionean, BEZari dagozkionak 75,5 milioi eurotan murriztu dira, eta zerga berezienak 13 milioi eurotan okertu.