Ekonomia -
INFLAZIOA
Urte arteko KPIa % 0,5 jaitsi da EAEn eta % 1 Nafarroan, urrian
Urtea hasi zenetik, prezioak hiru hamarren jaitsi dira EAEn eta % 1,4, berriz, Nafarroan. Iraileko datuekin alderatuta, ostera, indizeak gora egin du EAEn (% 0,7) eta Nafarroan (% 0,4).
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 0,5 jaitsi da urrian Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) iazko hilabete berarekin alderatuta eta % 1, ostera, Nafarroan.
Urriko datua aintzat hartuta eta pandemia hasi zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoak zazpi hilabete daramatza datu negatiboekin. Iraileko datuekin alderatuta, berriz, prezioek % 0,7 egin dute gora.
Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostiral honetan argitaratutako datuen arabera, urte arteko tasa hiru hamarren jaitsi da EAEn, irailean % 0,2 egin baitzuen behera.
EAEn, prezioak hiru hamarren jaitsi dira urteko lehen hamar hilabeteetan.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban eta Gipuzkoan urte arteko tasa –% 0,7koa izan da, eta Bizkaian –% 0,3koa. Urtea hasi zenetik prezioak jaitsi egin dira hiru lurraldeetan: Araban, % 0,6; Bizkaian, % 0,3, eta Gipuzkoan, % 0,3. Irailetik ostera, prezioak garestitu egin dira hiru lurraldeetan: Araban, % 0,8; Bizkaian, % 0,7 eta Gipuzkoan, % 0,7.
Nafarroan, prezioak % 0,4 igo dira iraileko datuekin alderatuta. Urteko lehen hamar hilabeteetan, ostera, prezioak % 1,4 jaitsi dira.
Espainian, prezioek % 0,8 egin dute behera urrian, 2019ko urriarekin alderatuta, irailean baino lau hamarren gehiago argindarraren prezioak behera egin ostean.