Ekonomia -
Diputatuen Kongresua
EAJk ohartarazi du "asko" falta dela Estatuko aurrekontu orokorrak adosteko
EAEko inbertsioak zokoratu dituztela adierazi du, eta dieselaren gaineko zerga "gelditzeko" konpromisoa urratzea leporatu dio Espainiako Gobernuari.
agentziak | erredakzioa
EAJk ohartarazi du Pedro Sanchezi "asko" falta zaiola Estatuko aurrekontu orokorretan akordioa lortzeko, nahiz eta gaur osoko zuzenketen aurka bozkatu duten. Boto hori negoziatzeko "abiapuntua" dela adierazi du EAJk, baina kritikatu du aurrekontuetan EAEko inbertsoak zokoratzen direla, eta dieselaren gaineko zerga "gelditzeko" konpromisoa urratzen dela.
Kongresuko eztabaidan, Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak esan du "aurrekaririk gabeko" unea dela oraingoa koronabirusaren pandemiagatik, eta EAJren lehentasuna EAE dela. Horregatik, Estatuko aurrekontu orokorretan EAErako aurreikusitako inbertsioak "berriro zokoratu" dituztela salatu du. Era berean, diru-partiden zenbatekoa EAJri hitzemandakoa baino txikiagoa dela gaineratu du.
"Ez du balio aitzakia bezala pandemia jartzea. Uler dezakegu atzerapena, baina ez utzikeria", azpimarratu du, Maria Jesus Montero Ogasun ministroari "konpromisoak betetzeko" daudela ohartarazi aurretik. "Ez du asko laguntzen aurrekontu batzuk onartzeak oraindik akordio ugari badaude betetzeko", azaldu du.
Horren harira, Abiadura Handiko Trenari (AHT) dagokionez, "hiriburuetarako sarreretarako hitzemandako lan-hitzarmenak sinatu ere ez" dituztela egin leporatu dio.
Dieselaren zerga
Espainiako Gobernuak diru-sarrerak edukitzeko aurreikusi dituen neurri fiskalak ere izan ditu hizpide Sagastizabalek, dieselaren gaineko zerga, Google eta finantza transakzioen tasa edo azukredun edarien gaineko zerga, besteak beste.
EAJren diputatua bereziki kritikoa izan da dieselaren gaineko zergarekin; izan ere, bere esanetan, EAJk eta Espainiako Gobernuak hori "gelditzea" adostu zuten. "Beteko ez den konpromiso bat da, eta horrek konfiantza kaltetzen du, baina oraindik bideratzeko garaiz gabiltza", adierazi du.
"Fiskalitate berde" baten aldeko apustua egin ondoren, argitu du "modu mailakatuan eta arrazionalean" egin behar dela, "lanpostuak eta sektoreak arriskuan jarri gabe".
Era berean, kezka agertu du azukredun edarien zerga dela eta, "eragin txarra" izan dezakeelako ekonomian eta industria horren mende dauden lanpostuetan. Bere ustez, "gizentasunaren aurkako borrokak neurri integralak" behar ditu, zerga igoera batetik harago.
Onarpena
Azkenik, Sagastizabalek azpimarratu du aurrekontuen onarpena ez dela "erraza" izan behar, "desberdinen arteko adostasun handia" eskatzen duelako, "alderdikeriak eta patriotismo faltsuak zailtzen" duten heinean.