Ekonomia -
KORONABIRUSA
Gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko Bilboko bonuak eskuragarri daude jada
Bilboko Udalak 185.000 bonu jarri ditu salgai, gaurtik martxoaren 31ra arte izango dira eskuragarri, 10, 15, 20 eta 30 euroan, eta horien bikoitza balio duten produktuak erosi ahalko dira horiekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udalak 185.000 bonu jarri ditu salgai koronabirusaren krisiak gehien zigortu dituen lau sektore ekonomikoei (merkataritza, kultura, ostalaritza/jatetxe eta turismoa) laguntzeko, herritarrak horietan erosketak egitera bultzatuta.
Bonuak gaurtik 2021eko martxoaren 31ra arte erosi ahal dira bonobilbao.eus plataforman eta txartelak saltzen dituzten Kutxabankeko kutxa automatikoetan, eta 2021eko apirilaren 4ra arte trukatu ahal dira. Juan Mari Aburto alkateak azaldu duenez, baina, beharrezkoa bada, luzatu egingo dute horiek erabiltzeko epea.
Bonuak 10, 15, 20 edo 30 euroan daude eskuragarri, sektorearen arabera, eta erabiltzaile batek erosketa bat egiteko erabiltzen duen bonuaren balio bera emango dio ostalari edo merkatariari Udalak. Beraz, bonu horiek erabiliz, 20, 30, 40 edo 60 euroko erosketak egin ahal dira ekimen honekin bat egin duten establezimenduetan.
Udalak 2,6 milioi euro inbertitu ditu kontsumoa sustatuz kaltetuenei lagundu nahi dien ekimena aurrera eramateko, baina bonu horien "eragin ekonomikoa" 9 milioi eurokoa izan daitekeela uste dute.
Kanpaina mailaka egingo dute. Lehen fasean, 48.727 bonu kaleratu dituzte merkataritzarako eta 34.261 kulturarako; bigarrenean, 91.364 (ia bonu guztien erdia), ostalaritza eta jatetxeetarako; eta hirugarrenean, 10.507, ostatu-negozioetarako eta turismo-jardueretarako.