Ekonomia -
2021EKO AURREKONTUAK
Aurrekontuek aurrera jarraitzen dute Kongresuak betoak baztertu ondoren
Bi eguneko eztabaidaren ostean, PPk, Voxek, JxCatek, CCk, Foro Asturiasek, BNGk eta CUPek aurkeztutako zuzenketak atzera bota dituzte, kontrako 198 botorekin eta aldeko 150 botorekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak atzera bota ditu 2021eko Estatuko aurrekontu orokorren lege-proiektuari egindako zazpi osoko zuzenketak, eta, beraz, tramitazioak aurrera jarraitzen du.
Bi eguneko eztabaidaren ostean, PPk, Voxek, JxCatek, CCk, Foro Asturiasek, BNGk eta CUPek aurkeztutako zuzenketak atzera bota dituzte, aurkako 198 botorekin eta aldeko 150 botorekin, abstentziorik gabe.
Maria Jesus Montero Ogasun ministroak osoko zuzenketarik aurkeztu ez duten alderdi politiko guztiei eskerrak emanez amaitu du eztabaida, eta kontu horiek "krisitik ateratzeko" pizgarri izango diren itxaropena agertu du, "elkarrizketarako borondatearekin".
Zuzenketa partzialen tramitazioan aldaketak negoziatzeko eskua luzatuta duela errepikatu du, eta zuzenketak aurkeztu dituzten taldeei blokeo-jarrera alde batera uzteko "gogoeta" egiteko eskatu die.
"Hemen ikusi dugu nor dagoen laguntzeko prest Espainiak aurrera egin dezan, edo nork erabaki duen Espainia blokeatuta egotea", esan du, eta espainiar estatuko biztanleek "irtenbideak, erantzunak eta ziurtasunak" nahi dituztela esan du.
"Ziur nago ahalegin guztia egingo dugula zuzenketa partzialen eskaerei lekua emateko", gaineratu du. Hitzaldia osasun langileei esker ona adieraziz hasi du.
Osoko zuzenketak gainditu ondoren, kontuen tramitazioak zuzenketa partzialen aurkezpenarekin eta eztabaidarekin jarraitzen du, eta, ondoren, ondoriozko testua bozkatzeari ekingo zaio, eta, onartuz gero, Senatura bidaliko da.
EH Bilduk aurrekontuak babestu ditu
EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaile Oskar Matutek 2021eko Estatuko aurrekontu nagusiak babesteko hartutako erabakiari buruzko azalpenak eman ditu ostegun honetan, eta zera adierazi du: "Edukiari garrantzi gehiago eman diogu, kontuak babestu dituzten alderdiei baino".
Aurrekontuei osoko zuzenketak aurkezteko egindako eztabaida saioan, Matutek aurreratu du betoei uko egingo diela, ez dutelako aurrekontuak atzeratzerik nahi.
Zentzu horretan, EH Bilduko bozeramaileak argi utzi du kontu horiek "eredu neoliberalaren" aldaketan aurrera egiteko "lehen urratsa" direla, eta ezker abertzaleak prozesu horretan parte hartu nahi duela, "modu bateratuan".
Halaber, hobetu beharreko zenbait kontu jarri ditu mahai gainean: zerbitzu publikoak indartzea, "bereziki, osasuna eta hezkuntza", emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza desagerraraztea eta trantsizio ekologikoan "azkarrak" izatea, besteak beste.
Horrez gain, eredu fiskala aldatzea jarri du lehentasunen artean, alegia, "gehiago duenak gehiago ordaindu behar izatea". Horretarako, soldata handiak dituztenei pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igotzea eta sozietateen gaineko zergaren kenkariak jaistea proposatu du.
Nolanahi ere, esan du aurrekontuak aurrerago etorriko diren neurri sozial guztien abiapuntua direla.
Mendia: "Ona da EH Bildu inplikatzea"
PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde Idoia Mendiaren iritziz, ona da EH Bildu Espainiaren gobernagarritasunean inplikatzea. "Horixe da ETAren garaietan eskatzen zitzaiena, politika egitea", zehaztu du.
Legebiltzarrean sartu denean, EH Bilduk 2021eko Estatuko aurrekontu orokorrak babesteko hartutako erabakiari buruz galdetu diote Mendiari. Atzokoan ere, horri buruz jardun zuten alderdi espainiarrek, eta Podemosek erabakia "albiste ontzat" jo bazuen ere, PPk eta Voxek gogor kritikatu zuten koalizio abertzalearen jarrera.