Ekonomia -
TRAFIKOA
Bizkaiak bide-segurtasuna hobetzeko 7 proiektu probatuko ditu bere errepideetan
Foru Aldundiak 257.000 euroko dirulaguntza emango du proiektu horiek aurrera eramateko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntzak emango ditu bide-segurtasuna hobetzeko 7 proiektu berritzaile aurrera eramateko. Proiektuak lurraldeko errepideetan probatuko dira.
Proiektuen helburuak honako hauek dira: bide-segurtasuna hobetzea, kutsadura akustikoa murriztea, tunelak eta zubibideak ikuskatzeko eta mantentzeko lanak optimizatzea, eta foru-errepideen sarea hobeto kudatzeko trafiko-fluxuak zehatz-mehatz ezagutzea.
Horretarako, teknologia berriak erabiliko dituzte: azpiegiturak digitalizatu, 5G sentsoreak erabili, big data eta adimen artifizialeko teknikak aplikatu, kudeatzeko software berriak instalatu, matrikulak irakurtzeko kamerak dituzten dronak baliatu edo zoladura argitsu edo isilak jarriko dituzte.
Aldundiak 257.000 euroko dirulaguntza emango du proiektu horietarako. Gainera, baldintza errealetan frogatzeko, foru-bideen azpiegiturak ere erabili ahalko dituzte; errepideak, bidegorriak, tunelak edo bidezubiak, besteak beste.