Ekonomia -
Bizkaia
Kelvion multinazionalak Igorren duen lantegia itxi nahi du, 73 langile kaleratuta
Hala jakinarazi dio konpainiako zuzendaritzak enpresa batzordeari. Beharginek "lanpostu guztiak eta enpresaren etorkizuna defendatzeko borroka" egingo dutela iragarri dute.
Agentziak | Erredakzioa
Kelvion Thermal Solutions multinazionalak Igorren (Bizkaia) duen lantegiko enpresa batzordeari jakinarazi dio "kaleratze kolektiboko enplegu-erregulazio espedientea" (EEE) aurkeztekotan dela, eta ondorioz, bertako 73 langileak kaleratuko dituela.
Igorreko lantegiko enpresa batzordeak —LABeko hiru ordezkarik eta ELAko bik osatutakoa— azaldu duenez, ostegunean bildu dira konpainiako zuzendaritzarekin eta batzar horretan jakinarazi dietela EEEa. "Arratiako 73 langile etorkizun gabe utziko dituzte", salatu du.
Langileen ordezkarien esanetan, Alemaniako multinazionalak beste bi lantegi ditu Kantabrian eta Madrilen, eta bietan egingo ditu kaleratze kolektiboko EEEak. "147 kaleratze dira guztira", zehaztu dute.
Enpresa batzordeak Kelvionen jarrera gaitzetsi du eta ohartarazi "lanpostu guztiak eta enpresaren etorkizuna defendatzeko borroka" egingo duela. Diotenez, "argi dugu irmotasunez erantzun behar diogula eraso honi. Borroka da bidea".
Eusko Jaurlaritzari ere kontuak eskatu dizkiote, eta "itxiera eta kaleratzeak saihesteko eginahalak" egin ditzala galdegin diote, "herri honi eragiten dion desindustrializazio prozesuaren beste adibide bat" baita, euren ustez.