Ekonomia -

Ekonomia

Espainian BPGa % 12,4 jaitsiko da aurten, Bruselak aurreikusitakoaren arabera

Horrenbestez, Espainia izango da % 10etik gorako uzkurtzea izango duen EBko herrialde bakarra. Europako Batzordearen arabera, 2021ean eta 2022an susperraldia izango du ekonomiak.

Espainian BPGa % 12,4 jaitsiko da aurten, Bruselaren arabera. EFEren artxiboko irudia
Espainian BPGa % 12,4 jaitsiko da aurten, Bruselak aurreikusitakoaren arabera
Espainian BPGa % 12,4 jaitsiko da aurten, Bruselaren arabera. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak duela hilabete batzuk egindako aurreikuspen ekonomikoek okerrera egin dute. Izan ere, urte amaierarako Espainiako barne produktu gordina % 12,4 jaitsiko dela aurreratu du ostegun honetan Bruselak, uztailean % 10,9ko beherakada iragarri zuen arren. Horrek esan nahi du % 10etik gorako uzkurtzea izango duen Europar Batasuneko herrialde bakarra dela Espainia.

Italian, berriz, % 9,9koa izango da beherakada, Kroazian % 9,6koa, Frantzian % 9,4koa, Portugalen % 9,3koa eta Grezian % 9koa. Horiek dira, hain zuzen, pandemiak gogorren astindu dituen herrialdeak.

Edozein modutan, urriaren 22ra arteko datuak soilik jaso dituzte aurreikuspena egiterakoan. Beraz, ez dute kontuan izan urteko hirugarren hiruhilekoan Espainiako barne produktu gordinak izan duen % 16,7ko gorakada.

2021ean eta 2022an susperraldia izango omen du ekonomiak; % 5,4ko igoera eta % 4,8koa, hurrenez hurren. Denbora hori igarota, Espainiako BPGak ez du krisia hasi aurretik zeukan maila lortuko, alegia, % 3ko beherakada izango du oraindik ere.

Defizit publikoari dagokionez, % 12,2ra igoko da aurten, eta hurrengo bi urteetan egokituz joango da: %  9,6ko igoera izango du 2021ean eta % 8,6koa 2022an. Zorra, berriz, % 120,3koa izango da aurten (% 122koa datorren urtean, eta % 123,9koa bi urte barru).

Bestalde, langabezia tasa % 16,7an kokatuko da 2020 bukaeran, eta gorako joera izango du 2021ean ere, % 17,9ra iritsi arte.

Dena den, Europako funtsetik helduko diren diru laguntzak aintzat hartu gabe egin ditu aurreikuspen horiek Bruselak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Brusela Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa BPGd gaur