Ekonomia -
LANUZTE PARTZIALAK
"Jarraipen zabala", Bizkaibus zerbitzuko hainbat lineatan deitutako lanuzteetan
Txorierrin eta Mungialdean (Bilbo-Mungia, Bilbo-Bermeo, Bilbo-Aireportua, EHU, Urduliz eta Gurutzetako ospitaleetarako lineak) dabiltzan autobusei eragin die, 07:00-09:00 eta 18:00-20:00 tarteetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehen lanuzte eguna izan dute gaur Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan. GAM Lujua Txorierri Mungialdea enpresako langile guztiak egon dira deituta lanuzteak egitera, eta greba deialdi horrek Txorierrin eta Mungialdean dabiltzan autobusei eragin die, tartean, EHUra eta aireportura doazenei.
Goizeko txandako lanuzteen lehen balorazio batean, UGT sindikatuak adierazi du "jarraipen zabala" izan dutela. Gaurkoaren ostean, beste 13 greba egun izango dituzte, eta akordiorik lortu ezean, greba mugagabeari helduko diote abenduaren 1ean.
Guztira, lau orduz egingo dituzte lanuzteak: 07:00-09:00 eta 18:00-20:00. Gaur ez ezik, azaroko beste hainbat egunetan ere egingo dituzte lanuzteak: 6an, 9an, 11n, 13an, 16an, 17an, 19an, 20an, 23an, 24an, 25ean, 26an eta 27an.
Greba deialdi horrek Txorierrin eta Mungialdean dabiltzan autobusei eragin die, hala nola, Bilbo-Mungia, Bilbo-Bermeo, Bilbo-aireportua, EHU, Getxo, Parke Teknologikoa, eta Urdulizko eta Gurutzetako ospitaleetarako lineei.
Gutxieneko zerbitzuak Bizkaibuseko webgunean daude zehaztuta.
ELA sindikatuak (UGT, CCOO eta LAB sindikatuekin batera ordezkaritza du enpresan) ohar batean azaldu duenez, zuzendaritzak "2018tik blokeatu du hitzarmen kolektiboaren negoziazioa, langileen baldintzak prekarizatu ditu eta behin-behineko langileak erregulaziorik gabe daude".
Orotara, 250 langile baino gehiago daude grebara deituta. Lan agintaritzak lanuzteen egunetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuen aginduaren interpretazioa egitea leporatu dio ELAk enpresari, bertan ezarritakoa "urratzen" duela eta grebarako eskubidea "minimizatzen" duela iritzita.