Ekonomia -
Lan gatazka
Bilboko Portuko zamaketariek abenduaren 9ra arte luzatu dute greba
Lan Ikuskaritza grebarako eskubidea urratzeagatik jarritako salaketa bat aztertzen ari dela esan du Idoia Mendia sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboestiba Bilboko Portuko zamaketarien sozietatean ordezkaritza duten Coordinadora, UGT, LAB eta Kaia sindikatuek greba abenduaren 9ra arte luzatuko dutela iragarri dute.
Urriaren 9tik, 317 langile grebara deituta daude, lan hitzarmen kolektibo berria eskatzeko eta indarrean dagoenaren “urraketa” salatzeko, atsedenaldiei dagokienez, besteak beste.
Sindikatuek eta enpresek negoziatzea aurreikusten dute, baina oraindik ez dute horretarako egutegi bat zehaztu, EFEk galdetutako sindikatuen iturrien arabera. Negoziazioari ekiteko aldarrikapen plataforma bat prestatzen ari dira sindikatuak.
Salaketa grebarako eskubidea ez betetzeagatik
Lan Ikuskaritza grebarako eskubidea urratzeagatik salaketa bat aztertzen ari dela esan du Idoia Mendia bigarren lehendakariordeak eta Lan eta Enplegu sailburuak.
Onda Cero irratian, Mendiak argitu du Eusko Jaurlaritzak grebarako eskubidea zaindu behar duela, eta ez duela erabakitzen Bilboko Portuan egiten diren gutxieneko zerbitzuak, horiek Espainiako Gobernuaren esku daude eta.
"Grebarako eskubidearen urraketa bat badago, gu sartuko gara", esan du, eta horrela, salaketa aurkeztu ostean, "Lan Ikuskaritza aztertzen ari den espediente bat ireki da".
LAB sindikatuak grebarako eskubidearen urraketa salatu zuen, eta kritikatu zuen "gehiegizko" zerbitzu minimoak ezarri izana.
Ikuskaritzak "modu guztiz independentean" egiten du lan, beraz, Mendiak, sailburu bezala, ez dauka espediente horri buruzko informaziorik. Hori bukatzean "ikusiko da benetan grebarako eskubidea urratu den ala ez".
Edozein kasutan, gatazka patronalaren eta sindikatuen arteko elkarrizketekin konpontzea espero du.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, bestetik, "alde guztien arteko adostasuna" eskatu du, gatazka laboralari lehenbailehen amaiera jartzeko eta normaltasuna berreskuratzeko.
Itxaso gatazkak enpresen lehiakortasunari kalte egin ahal diolako kezkatuta agertu da, eta "grebarako eskubidea guztiz errespetatuz" elkarrekin ados jartzeko eskatu die aldeei.