Ekonomia -
Koronabirusa
Ostalariek deseskalatze plan bat eskatu diote Nafarroako Gobernuari
Ayerdi kontseilariak adierazi du 10 milioi euroko laguntza emango diotela sektoreari, eta banaketarako iazko epe berean ordaindutako BEZa hartuko dutela aintzat.
agentziak | erredakzioa
Nafarroako Gobernuko talde ekonomikoa, Elma Saiz Ekonomia Kontseilaria eta Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako kontseilaria buru zirela, ostalaritzako ordezkariekin bildu dira gaur, eta azken horiek neurri murriztaileen deseskalatze plan bat eskatu diote.
Santos Indurain Osasun kontseilariak ere parte hartu du batzarrean, eta Foru Gobernuak ohar batean azaldu duenez, ostalaritzaren sektorean ezarri dituzten "neurri gogorrak" koronabirusaren egoera "kezkagarriarekin" lotu ditu.
Indurainek ostalariei esan die pandemiaren gorakada errealitate bat dela, baita Espainiako Estatu osoan eta Europan ere, eta azpimarratu du eskualde eta estatu asko direla murrizketak ezartzen ari direnak birusaren zabalkundeari aurre egiteko.
Sektorearen ordezkariek Nafarroako Gobernuari eskatu diote, ahal den neurrian, arin dezala bizi duten ezinegona, eta horretarako, ezarritako neurri murriztaileen deseskalatze plan bat aurkez dezala.
Gobernuko ekonomia arduradunek eta Indurainek uste dute denbora gehiago behar dela hartutako neurrien eraginkortasuna aztertzeko, eta datorren astean biltzea proposatu die ostalariei.
Laguntzei dagokienez, Ayerdi kontseilariak adierazi du 10 milioi euroko laguntza emango diotela sektoreari, eta banaketarako iazko epe berean ordaindutako BEZa hartuko dutela aintzat. Horren aurrean, ostalariek erantzun dute banaketa "justua eta orekatua" dela.
Gobernuak zehaztu du laguntzak edari banatzaileei ere emango dizkietela.