Ekonomia -
EAEko aurrekontuak
Eusko Jaurlaritza gehiago zorpetzea ahalbidetzen duen erreforma onartu dute
Eusko Legebiltzarrak onartutako aurrekontuen erreforma honen ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren zorra 1.546 milioikoa izan ahalko da.
Agentziak | Erredakzioa
Aurtengo EAEko aurrekontuen erreforma onartu du Eusko Legebiltzarrak, eta Eusko Jaurlaritzaren zorra 1.546 milioi eurora arte igo ahalko da, pandemiak eragindako gastu handiagoak eta ingresu txikiagoei aurre egin ahal izateko baliabide gehiago izateko.
Proposamenak EAJren eta PSE-EEko aldeko botoak izan ditu. EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs abstenitu egin dira. Voxek kontra bozkatu du.
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak erreformaren beharra defendatu du, Jaurlaritza babesten duten bi taldeetako (EAJ eta PSE-EE) ordezkariek egin duten bezala.
Itxaso Barrojalbilz jeltzaleak azaldu duenez, erreformaren helburua EAEko instituzio guztiei finantzazio ahalmen handiagoa ematea da, politika publikoei kalte egin gabe. Susana Corcuera sozialistak azpimarratu du aldaketa bere talearen konpromisoarekin bat datorrela, "baliabide publikoen eta zorpetzearen erabilpen zorrotzaren" alde.
Arkaitz Rodriguezek (EH Bildu) azaldu duenez, erantzukizunagatik abstenitu dira. Koalizioak zorpetzea handitzearen alde dago, baina uste du kopurua ez dela behar guztiak betetzeko nahikoa izango.
David Sotok (Elkarrekin Podemos-IU) Eusko Jaurlaritza "ausartagoa" izan beharko litzatekeela uste du, eta gastu publikoa gehiago igotzea, "diru-bilketaren beherakadatik haratago".
PP-Cs taldeko legebiltzarkide Luis Gordillok "eskua luzatu" dio Iñigo Urkulluren Exekutiboari, eta esan du bere talde erantzukizunez abstenitu dela, eta "borondate ona erakusteko".