Ekonomia -

2021-2024

10.000 lanpostuko lan eskaintzak iragarri ditu sektore publikoan Jaurlaritzak

"Euskal Administrazioan erretirotik gertu dauden behargin asko eta bitarteko lan kontratu ugari daude. 10 urte barru langileen % 70ek hartuko dute erretiroa", esan du Olatz Garamendi sailburuak.

Osakidetzaren lan eskaintza. ETBren bideo batetik hartutako irudia
10.000 lanpostuko lan eskaintza iragarri du sektore publikoan Jaurlaritzak
Osakidetzaren lan eskaintza. ETBren bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak lan eskaintza publikoak deituko ditu Euskadiko Administrazioan eta sektore publikoko beste hainbat arlotan. Guztira, 10.000 lanpostu eskainiko ditu datozen lau urteetan, sektore ezberdinetako plantillak berritze aldera.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman du horren berri Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Bertan nabarmendu du euskal Administrazioak erretirotik gertu dauden behargin asko dituela, baita bitarteko lan kontratu ugari ere. Horregatik, Jaurlaritzaren asmoa da "defizit" horiei "berehala" erantzutea, 10 urte barru langileen % 70ek hartuko baitute erretiroa.

Ildo horretan, Garamendik adierazi du batez ere gazteei zuzendutako "aukera paregabea" izango dela sektore publikoan eskainiko dutena. Gainera, "administrazio digitalari ateak irekiko dizkio, gazteak, formazioa, gaitasuna eta esperientzia uztartuko baitira", esan du.

Izan ere, sailburuaren esanetan, 35 urtetik beherako gazte askok lortuko dute plaza, "Administrazioan eskarmentu handia dutenen ezagutza galdu gabe, noski".

Bitarteko lan kontratuen tasa jaisteari buruz azpimarratu du % 56 inguruan dagoela gaur egun, eta, beraz, horri aurre egiteko neurriak hartu behar dituztela lan eskaintza publikoen bidez.

Hala, legegintzaldi honetan Administrazioan bultzatuko dituzten ekimenen artean daude enplegurako plan berri bat diseinatzea 2021 eta 2024 bitartean, lanpostuak etorkizuneko beharretara egokitzeko. Horretarako, gutxienez bi lege proiektu onartu beharko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Gazteak