Ekonomia -
AURREKONTUAK
Aurrekontu proiektua onartzeko akordioa lortu dute PSOEk eta Unidas Podemosek
Espainiako Gobernua sostengatzen duten bi alderdiek bart lortu dute akordioa, Ministroen Kontseiluak Estatuko aurrekontu orokorraren aurreproiektua onartu bezperan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ministroen Kontseiluak gaur onartuko du 2020ko Estatuko aurrekontu orokorraren aurreproiektua, bart gobernu koalizioa osatzen duten PSOEk eta Unidas Podemosek akordioa lortu ostean.
Iturri sozialistek baieztatu dutenez, gutxieneko errentaren eta alokairuaren inguruan zituzten desadostasunak gainditu eta ados jartzea erdietsi dute Gobernua sostengatzen duten bi alderdiek.
Zehazki, lau hilabeteko denboran alokairuen prezioa hitzartzea eta gutxieneko soldata jasotzeko sarbidea erraztea erabaki dute. Akordioari buruzko xehetasun guztiak astearte honetan jakinaraziko dituzte.
Gainera, aurrekontu proiektuak langile publikoentzako % 0,9ko soldata igoera aurreikusten du 2021erako.
Tramitazioa
Aurrekontuen aurreproiektua Diputatuen Kongresura bidali ondoren, Kongresuko lehen bozketa azaroaren 11 eta 12ko astean izango dela aurreikusten da, Kongresuko Mahaiak esku artean duen egutegiaren arabera.
Azaroaren 11n eta 12an osoko zuzenketen eztabaida gainditu ondoren, aurrekontuen zirriborroa artikuluen eztabaida fasera igaroko da, eta zuzenketa partzialak azaroaren 16an aurkeztu beharko dira.
Aurreikuspenen arabera, aurrekontu proiektua azaroaren 30ean itzuliko da Kongresuko Osoko Bilkurara, atalak bozkatzeko.