Ekonomia -
Lan eskaintza publiko berria
Gasteizko Udalak 163 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa egingo du
Udalean funtzionario gisa aritzeko azterketak Aste Santua baino lehen egin nahi dituzte, baldin eta osasun egoerak baimentzen badu.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udalak Lan Eskaintza Publiko (LEP) berria egingo du. Zehazki, 163 postu eskainiko ditu, besteak beste, administrari, mantentze, argibide eta kontrol postuetan aritzeko (C1 taldea). Izen-ematea azaro amaieran eta abendu hasieran abiatuko da.
Iñaki Gurtubai Giza Baliabideetako zinegotziak gaur azaldu duenez, asteon bertan kaleratuko dituzte eskaintzaren oinarriak Arabako Aldizkari Ofizialean. Helburua da azterketak Aste Santua baino lehen egitea, baldin eta osasun egoerak baimentzen badu.
Lanpostuetara aurkezteko Batxilergoa edota Lanbide Heziketako titulazioa eduki behar da. Aterako diren 163 horietatik 100 baino gehiago administrari lanpostuetarako dira.
Horrez gain, musikaren arloan, 11 plaza eskainiko dira, gehienak irakasleentzat. Halaber, delineatzaile-teknikarientzat bederatzi plaza, mantentze-teknikarientzat beste bederatzi eta informatika-teknikarientzat zazpi leku ere eskainiko dira. Gainerako plazak obra, ikuskaritza eta abarrekin lotutako kategoria-profesionaletako lanpostuetarako dira.
LEPa goi mailako eta erdi mailako taldeentzako deialdiarekin hasi zen, eta gaur iragarritako hori LEP horren beste pauso bat da. Aurreko fase hartan, 169 funtzionario sartu ahal izan ziren udalean, eta une honetan praktikak egiten dihardute.
C1, C2 eta E taldeei dagokienez, datozen bi urteetan ia 700 postu izango dituen lan eskaintza osatzea aurreikusi du Udalak. C1 taldekoen azterketak amaituta, C2 eta E taldeetako eskaintzaren oinarriak negoziatzen hasiko da.
"Aurreko legegintzaldian abiarazitako enplegu-eskaintza guztien prozesua amaitzen denean, ia 1.000 lanposturen sustapena egina izango dugu, eta bitartekotasun-tasa % 10etik behera jaitsita", nabarmendu du Gurtubaik.