Ekonomia -

ITXIERAREN AURKAKO PROTESTA

Trenasako langileek itxialdia hasi dute Castejoneko Udaletxean

Batzar aretoan gotortuta egongo dira sei langile enpresarekin egiten ari diren negoziaketak amaitu arte. Lantegia itxi eta 110 langile kaleratzea da CAFen asmoa.

Manifestazioa, Castejondo udaletxearen aurrean. ETBko bideo batetik aterako argazkia.
Manifestazioa, Castejondo udaletxearen aurrean.
Manifestazioa, Castejondo udaletxearen aurrean. ETBko bideo batetik aterako argazkia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trenasako lan-gatazka dela eta, Castejongo Udaletxeko batzar aretoan itxialdia hasi dute langileek, eta enpresarekin negoziaketak amaitu arte han egotea da euren asmoa. Langileak ahal duten guztia egiten ari dira enpresaren itxiera eta 110 langileren kaleratzea eragozteko.

Plantaren bideragarritasuna eskatzeko Castejongo Udaletxeko plazan arratsaldean egin duten elkarretaratzea amaitu ostean iragarri dute neurria langileek, 400 pertsona ingururen babesarekin.

Miguel Angel Molina enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, "sei pertsonak egingo dute itxialdia, ez dugu osasun publikoko arazorik sortu nahi, eta enpresarekin negoziatzen ari garen bitartean txandak egitea da asmoa".

CAF taldeak duela egun batzuk iragarri zuen Trenasa itxi eta langile guztiak kaleratzeko erabakia, aurtengo abenduaren 31n. Lan-erregulazioko txostena aurkeztuta dago, eta urriaren 31ra arteko nahitaezko kontsulta-aldian dago.

Astebete geratzen da Trenasaren bideragarritasuna bermatzeko, eta Molinak esan duenez, "indartsu gaude, nahiz eta hilabete daramagun horrela eta oso gogorra izan. Dugun guztia emango dugu, dena jarriko dugu gure partetik, eta espero dut talde politikoek, egoera iraultzeko ditugun bakarrak baitira, laguntza emango digutela eta laguntza hori espedientearen negoziazioak amaitu baino lehen iritsiko dela ".

Kaltetutako langileak txalo artean sartu dira Foruen plazan, eta COVID-19aren prebentziorako neurri guztiak hartu dituzte. Besteak beste, Navarra Sumako eta EH Bilduko parlamentariek, IUko ordezkariek eta Nafarroako CCOOko ordezkariek parte hartu dute elkarretaratzean.

Enpresa-batzordearen salaketa

Miguel Angel Molina enpresa batzordeko presidenteak hartu du hitza, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako kontseilariak CAFi exiji diezaiola "datozen bi urteetarako esleituta genuen lan karga ez eramateko", eta ohartarazi du Castejongo fabrikak pertsiana jaisten badu, Nafarroako Gobernua, diru publikoarekin egin dituen kapital ekarpenekin, enpleguaren deslokalizazioaren eta prekarizazioaren konplize izango dela.

Izan ere, gogorarazi du 2016an Nafarroako Gobernuak 7 milioi euro baino gehiago inbertitu zituela Sodenaren bidez Vectia proiekturako, baina bi urte geroago CAF taldeak Poloniako Solaris izeneko enpresa erosi zuela, autobus hibrido eta elektrikoak egiten zituena, eta Vectia hiltzen utzi zuela, "Nafarroako Garapen Ekonomikoko Departamentuaren baimenarekin, zazpi milioi euro horiek Poloniara eramanez".

2019an CAFek eskaeren errekor historikoa (9.500 milioi euro) eta mozkinen errekorra (2018an baino % 37 gehiago) izan zituela azpimarratu du, baina, hala ere, "lan-kargak mundu osoko lantegietan” banatzen dituela, “komeni zaionaren arabera eta familia askoren ogia" kolokan jarriz.

Komunikatua irakurri ondoren, langileek panpina bat erre dute, CAF taldeko enpresa filialetako arduradun Josu Imazen argazkiarekin, 2012tik Trenasako enpresa zuzendaritzak langileei aplikatu dizkien enplegu-erregulazioko zazpi espedienteak irudikatzen zituzten kutxa batzuekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nafarroa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Koronabirusa