Ekonomia -
CASTEJON
Manifestazioa debekatuta, kontzentrazioa deitu dute Trenasako langileek larunbaterako
Castejongo lantegia ixteko espedientea aurkeztu du enpresak eta kontsulta epea urriaren 31n amaituko da. Nafarroako Gobernuak ziurtatu duenez, lanean ari da lantegiak zabalik jarraitu dezan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Trenasako langileek larunbat honetarako Castejonen deituriko manifestazioa bertan behera gelditu da, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak debekatu ondoren. Dena dela, manifestazioaren ordez, elkarretaratzea deitu dute herriko plazan.
Hasiera batean larunbatean egitekoa zen manifestazioa. Lantegitik atera eta, herriko kaleak zeharkatu ondoren, udaletxe plazan amaitzekoa zen.
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak lehen unean manifestazioa egiteko baimena eman bazuen ere, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa tarteko eta Osasun Sailarekin hitz egin ostean, debekatzea erabaki du.
Manifestazioaren ordez, kontzentrazioa egingo dute larunbatean, 17:00etan, Castejongo plazan.
Koronabirusaren testuinguruan ezarritako neurri murriztaileen ondorioz, mobilizazio egutegia aldatzen duten bigarren aldia da. Izan ere, urriaren 10erako deituta zegoen manifestazioa bertan behera utzi eta urriaren 24ra atzeratu zuten. Orain, ostera, manifestazioaren partez kontzentrazioa deitu dute.
Nafarroako Gobernua lanean ari da CAFek Trenasa itxi ez dezan
Nafarroako Gobernuaren iritziz, "erabat onartezina" da Trenasak Castejonen duen lantegia ixteko eta 110 langile kaleratzeko hartutako erabakia, CAF enpresa nagusiak hartutako konpromisoak betetzen ez dituela iritzita. Hori dela eta, Nafarroako Gobernua lantegiak zabalik jarraitu dezan lan egiten ari dela iragarri du Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak.
Horrela ziurtatu Manu Ayerdik Nafarroako Parlamentuan egin duen agerraldian. CAF taldeak dagoeneko aurkeztu du Trenasa itxi eta 110 langileak kaleratzeko espedientea eta kontsulta epea urriaren 31n amaituko da.
Horren harira, eta Nafarroako Gobernuak CAF taldeari 2,5 milioi euro inguruko laguntza eman dizkiola azpimarratu ostean, CAFek "erabakia aldatzeko" lanean jarraitzen duela esan du Manu Ayerdik. Ildo horretan, "interesgarritzat jotzen ditugun eragile guztiekin harremanetan" dagoela esan du, tartean, enpresarekin, RENFErekin, Industria Ministerioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.