Ekonomia -
Lan gatazka
Renfeko langileek protesta dute Bilbon, tren zerbitzuan izandako arazoak salatzeko
Gaurko mobilizazioen helburua da makinistak eta langileak falta dituztela salatzea. Hainbat tren bertan behera utzi behar izan dituzte egunotan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Renfe Bizkaia konpainiako langileek elkarretaratzeak egingo dituzte ostiral honetan Bilboko Abando tren geltokian eta Plaza Biribilean, enpresa batzordeak deituta, Aldirietako zerbitzuan jazotzen ari diren "gorabeherak" salatzeko. Dirudienez, makinista eta langile falta dute enpresan, eta horregatik geratu dira bertan behera hainbat tren egunotan.
Ohar batean, enpresa batzordeak argitu du langile gabezia dela lan gatazkaren arazo nagusia, baina, horrez gain, salatu du erabiltzen duten materiala oso zaharra dela, instalazioetan matxurak gertatu direla eta horiek kudeatzeko behargin gutxi daudela.
"Enpresek ez digu irtenbiderik eman eta ezinezkoa da behar bezalako zerbitzua ematea. Horrek guztiak ireki dio atea bizi dugun gatazkari", esan dute langileek. Hori dela eta, 13:00etan ordu erdiko elkarretaratzea egingo dute Abandon, eta 13:30ean Plaza Biribilean bilduko dira.
Hainbat tren bertan behera
Gaurko egunean, Renfe Aldirietako zerbitzua ez da erabatekoa izango, sare sozialen bidez jakitera eman dutenez.
Bilbo eta Laudio lotzen dituen linean, 14:25ean eta 15:25ean ez da trenik egongo. Kontrako noranzkoan, berriz, bertan behera eratuko dira 14:59ko eta 15:59ko trenak.
Bilbo eta Urduña artean ere hiru tren kenduko dituzte: 13:35ekoa, 15:25ekoa eta 19:45eakoa. Urduñatik Bilbora, 14:31an, 18:21ean eta 20:51an ez da zerbitzurik egongo.
Muskiz helmuga duen zerbitzuan, 10:33ko, 17:33ko eta 19:03ko trenak utziko dituzte bertan behera; kontrako noranzkoan, 09:55ekoa eta 11:25ekoa.
Bukatzeko, Bilbotik Santurtzirako 12:18ko eta 12:52ko trenetan ez da zerbitzurik egongo.
Alkateak haserre daude
Laudio, Aiara, Amurrio eta Urduñako alkateek premiazko bilera eskatu dute Renfeko ordezkariekin, haien haserrea adierazteko.
Asmoa da "konponbide arin bat" eskatzea, "erabiltzaileen beharrizanei erantzun" ahal izateko.