Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Mobilizazioak iragarri dituzte haurreskoletan lan-baldintza hobeak eskatzeko

Haurreskoletako ordezkari sindikalek elkarretaratzea deitu dute urriaren 28an Lakuako atarian, eta mobilizazioak hurrengo astean.

Haurrak haur-eskolan motxilak bere tokietan uzten. Argazkia: EFE
Haurrak haur-eskolan motxilak bere tokietan uzten.
Haurrak haur-eskolan motxilak bere tokietan uzten. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haurreskoletan ordezkaritza duten sindikatuek, LABek, Steilasek eta ELAk, ostegun honetan iragarri dutenez, mobilizazioak hasiko dituzte 0 eta 3 urte bitarteko eskola horietako langileek. Sektorearekin "negoziazioa berreskuratzea", langile berrien kontratazioa "desblokeatzea" eta langileen lan-baldintzak hobetzea eskatu dute.

Haurreskoletako ordezkari sindikalek elkarretaratzea deitu dute urriaren 28rako, Lakuako atarian, Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordearen bilerarekin bat eginez. Gainera, hurrengo astean mobilizazioak egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetako Hezkuntza Ordezkaritzen aurrean.

Protesta horien ondorioz Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak sektorearen aurrean duten jarrera aldatuko dute, sindikatuen ustez. Hala ez bada, ez dute bestelako mobilizaziorik baztertzen. Gaur egun 1.000 langile inguru daude haurreskoletan lanean. 

Besteak beste, Partzuergoko gerentziak hartutako "aldebakarreko" jarrera kritikatu dute, hitzarmenak eta akordioak "urratu" dituztela argudiatuta. Halaber, ordezko langile berrien kontratazioak "blokeatu" egin direla salatu dute, eta, ondorioz, bajak betetzeko, dagoeneko kontratatuta dauden langileak egunero joan behar dira haurreskola batetik bestera, eta horrek "arriskuan jartzen ditu hezkuntza proiektua, printzipio pedagogikoak eta haurren egokitzapena".

Kontratazioa "blokeatzeko" erabakiarekin "ehunka ordezko langile lanik gabe" utzi dituzte, Arantza Andres LABeko ordezkariak deitoratu duenez, eta langileak aparteko orduak egitera behartzen ari direla salatu du.

Sindikatuok mobilizazioak hasteko "beharrean" daudela esan du, Partzuergoko kudeatzailearekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin "inolako harremanik izan gabe" ia bi hilabete igaro ostean, eta beste hezkuntza sektore batzuekin bilera batera deitu ez izana aurpegiratu dio.

Sindikatuetako ordezkarien arabera, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordeko presidenteak "ez dute erakundeko negoziazio mahaian parte hartu behar duen Sailaren ordezkaria izendatu", eta sindikatuentzat garrantzitsua da hori, zenbait gairen negoziazioa Sailaren ardura baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Gaixotasunak albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Euskal sindikatuak Koronabirusa olatu berria