Ekonomia -
Lan Gatazka
Osakidetzako azpikontratek ere hiru greba egun egingo dituzte
ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte urriaren 29rako Araban, azaroaren 5erako Gipuzkoan eta azaroaren 12rako Bizkaian.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte Osakidetzako azpikontratetan (Garbiketa, Osasun Garraioa eta Sukaldaritza Kolektiboa), urriaren 29rako Araban, azaroaren 5erako Gipuzkoan eta azaroaren 12rako Bizkaian. Horrela, “langile falta, lanpostuak bete gabe uzten direla eta aldi baterako ezintasunak eta oporrak estaltzen ez direla”, salatu nahi dute.
Era berean, segurtasun neurrien falta eta kolektibo batzuen “soldata eskasak” kritikatu dituzte.
Langileen ordezkariek agerraldia egin dute ELAren Bilboko egoitzan. Bost sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, “egiturazko defizita areagotzen ari da pandemian zehar”.
Zentzu horretan, “Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari erantzukizuna onartzeko” eskatu diete; “zerbitzuak pribatizatzeko erabakietan atzera egiteko eta zuzenean bere gain hartzeko, lanpostuak mantenduz eta behargin kopurua handituz, baldintza ekonomiko eta sozialak homologatuz”.
Gainera, “bitarteko enpresak bazterrean uzteko” eskatu dute, “mozkinak areagotzen dituztelako lan baldintzen eta herritarren osasunerako funtsezkoa den zerbitzuaren kaltetan”.
Egoera larriaren aurrean, sindikatuek “greban eta elkarretaratzeetan parte hartzeko” eskatu dute; izan ere, lanuzteak baino lehen mobilizazioak egingo dira lantokietan. Elkarretaratzeak urriaren 28an egingo dituzte Gipuzkoan eta Bizkaian; azaroaren 4an Araban eta Bizkaian eta azaroaren 11n Gipuzkoan eta Araban.