Ekonomia -
LAN GATAZKA
GAMeko Bizkaibuseko langileek mobilizazioak iragarri dituzte
Azaroan 14 lanuztera eta abenduan greba mugagabe batera deituta daude langileak. Getxon, Mungian, Bermeon eta Bilbon jarduten duten Bizkaibuseko hainbat lineatan nabarituko dute gehien horien eragina.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Getxon, Mungian, Bermeon eta Bilbon Bizkaibuseko hainbat lineatan zerbitzua ematen duen GAM Txorierri-Mungialdeko enpresa-batzordeak hainbat mobilizaziotara deitu ditu langileak. Besteak beste, azaroko 14 egunetan bi orduko lanuzteak eta abenduaren 1etik aurrera greba mugagabea iragarri dituzte.
UGT sindikatuak jakitera eman duenez, langileek batzarrean babestu dituzte mobilizazio horiek, hitzarmen kolektiboaren eta alarma-egoeran izandako zerbitzu eta plus aldakorren inguruko akordioa lortzeko deitutakoak.
UGT, CCOO, LAB eta ELA sindikatuek osatzen duten batzordeak deitutako mobilizazioak gaur (urriak 20) hasiko dira, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailaren egoitzaren aurrean, Bilbon, eta azarorako eta abendurako antolatutako jardunaldietan jarraituko dute horiekin.
GAM Txorierri-Mungialdeko enpresa batzordeko presidente Javier Camararen esanetan, bi urte daramatzate hitzarmena berritu gabe, "lan poltsaren erregulazioa barne hartzen duen eta gaur egun gidarien % 25i eragiten dien behin-behinekotasunarekin amaitzeko" beste hitzarmen bat negoziatu ezinik.
Mobilizazioek honako linea hauei eragingo diete: Bilbo-Mungia, Bilbo-Bermeo Sollubetik, Bilbo-Aireportua, UPV-EHU, Getxo, Teknologia Parkea, Urdulizko Ospitalea eta Gurutzetako Ospitalea Mungiatik, besteak beste.