Ekonomia -

Bankuak

Urkulluk ez du Kutxabanken bat-egitea beharrezko ikusten

Bankuak "euskal erakunde bat izaten jarraitu" behar duela uste du EH Bilduk, "Euskaltel bi" ez bihurtzeko.

Kutxabanken bulego bat. Artxiboko irudia: EiTB
Kutxabanken bulego bat. Artxiboko irudia: EiTB
Kutxabanken bulego bat. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, Kutxabank "kaudimen liderra da gaur, eta Estatu osoko dibidendu sozial handiena du". Horregatik, bat-egitea ez du beharrezko ikusten, baina erabakia bankuaren organoek hartu behar dutela erantsi du. "Banku handiagoa ez da kaudimenaren sinonimo", adierazi du lehendakariak.

Balizko bat-egitea aztertzeko, Sabadell bankua BBVArekin eta Kutxabankekin harremanetan jarri dela diote informazio batzuek. Eusko Jaurlaritzaren erantzuna zein izango den galdetu dio Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Urkulluri Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.

Kutxabankek “aparteko arazorik gabe bere kasa ongi funtzionatzeko” kaudimen “nahikoa” duela adierazi zuen Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak urriaren 6an.

Gainera, une honetan operaziorik negoziatzen ari ez direla ziurtatu du Gregorio Villalabeitiak zuzendutako bankuak, baina ez dute baztertzen aukera interesgarriren bat aurkezten baldin bada.

Iriarte: "Euskal finantza sistema baten aldeko apustua egin behar dugu"

Krisi egoeran “herri gisa premiazko erantzunak” eman behar direla azpimarratu du koalizioko bozeramaileak. Kutxabanken bat-egitea orain beharrezko ez ikusteak kezkatzen du Iriarte, “beste une batean beharrezko izateari ateak zabaltzen dizkiolako”. Bankuak “euskal erakunde bat izaten jarraitu” behar duela uste du EH Bilduk, “Euskaltel bi” ez bihurtzeko.

“Apustu irmoa” eskatu dio Iriartek lehendakariari, Eusko Jaurlaritza “adabakiak jartzen ari dela legealdiko lehentasunetan zein transferentzietan”. “Euskal finantza sistema baten aldeko apustua egin behar dugu, hori da Eusko Jaurlaritzarengandik espero duguna”, esan du. Horregatik, “pauso ausartak” aldarrikatu ditu.

Eusko Jaurlaritzak bat-egitea beharrezkoa ez dela esan duela gogorarazi du Urkulluk, eta Kutxabank norabide berean mintzatu dela gaineratu du.

Era berean, bankuak “bere ibilbidean sinesgarritasuna” irabazi duela azpimarratu du lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren zein gizartearen aurrean. “Erabaki mota horiek hartzeko eskumena du, eta erabaki mota horiek hartzeko heldutasuna demostratu du”, errepikatu du agintariak.

Eusko Jaurlaritzak Kutxabanken kudeaketa, helburu eta estrategiaren inguruko informazio “zehatza” jasotzen duela azaldu du Urkulluk. Hori kontuan hartuta, “une honetan ez dute bat-egitea beharrezko ikusten”, adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Kutxabank Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte Merkataritza