Ekonomia -

Elkarrizketa

Bildarratz: "Bilera akordioarekin bukatu zen: mahai sektorialak martxan jartzea"

Hezkuntza sailburuak "irribarre gehiago eta pankarta gutxiago" eskatu ditu, "gatazka hezkuntza alorretik ateratzeko". Jantokien greba ulergaitza egin zaio, baliabide gehiago izango dituztelako.

Bildarratz, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EiTB
Jokin Bildarratz, Radio Euskadiko estudioetan
Bildarratz, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EiTB

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak atzo sindikatuekin egindako bileraren balorazio baikorra egin du. Esan duenez, "akordioarekin" bukatu zela, hots, bi asteren buruan lau mahai sektorial martxan jartzea: lan arlokoa, irakasle funtzionarioena, jantoki eta garbiketarena eta erlijio irakasleena. "Lau orduko bilera izan zen, eta akordioarekin bukatu genuen. Ulergaitza dena da, gero ikuspegi ezkorra ematea, tentsioa egon zela esatea. Egia da batzar tentsua izan dela, baina hala dira mota horretako bilera denak, baina positiboa dena da akordioarekin bukatu zela", azaldu du. 

Jantokietan iragarritako grebaz ere mintzatu da Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Deialdia ulertzen ez duela azpimarratu du, "baliabideak kenduko ez" direlako; are, handitu egingo dituztelako 730 profesional kontratatuta eta lan baldintzei eutsita. Azaldu duenez, grebaren deialdia sindikatuekin egin beharreko bilera hasi baino "apur bat lehenago" iragarri zuten, eta Hezkuntza Sailak prentsa ohar bidez izan zuen horren berri. "Bileran gaia ez zen aipatu ere egin", adierazi du. 

Bildarratzen esanetan, "ulergaitza da horrela jokatzea gizartea bereziki arduratuta dagoen une honetan, direla aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, enplegu-erregulazioko espedienteak, langabezia edota ostalaritzaren egoera... Benetan uste al dugu gizartea tenkatzea eta gurasoei segurtasun eza ematea dela estrategia egokiena? Are gehiago irakasle gehiago kontratatu ditugunean eta jantokien auzian egiten ari garen honetan".

Horren ildotik, bileran akordioa lortu arren, "horren inguruan inork ez hitz egitea" deitoratu du. "Hori gorabehera, guk elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidetik jarraituko dugu. Inork ez gaitu nahastuko. Emaitzak begi-bistakoak dira, esan dezakete alde bakarreko elkarrizketa mahai gainean jartzen ari naizela, baina esango didazue zein alde bakarreko elkarrizketa den baliabideak gizarteak ordaintzen dituenean, denon artean ordaintzen ditugunean".

Halaber, pandemiaren garaian aurrez aurreko hezkuntzaren alde egin du berriro Bildarratzek, eta ezarritako protokoloa hobetu daitekeela onartu du. Argitu duenez, hezkuntza komunitateko agente guztiei eta sindikatuei hura hobetzeko proposamenak helarazteko eskatu die. "Guk, zalantzarik gabe, denak aztertuko ditugu. Hobetzeko balio dezakeen guztia, egin egingo dugu. Batez ere, ikasleen eta ikastetxearen osasuna eta segurtasuna bermatuko dugu", erantsi du.

Bildarratzen aburuz, "hezkuntzak irribarre gehiago eta pankarta gutxiago behar ditu. Defendatu du ikasleak "lasaitasunez" joan behar direla eskolara, hezkuntza prozesuari "itxaropenarekin heltzeko". "Baliteke (sindikatuek) ez ulertzea elkarrizketa dela arazoak konpontzeko bide nagusienetakoa dela. Nik horri heltzen diot, ez dut desadostasunean sakonduko", nabarmendu du. 

Atzoko bileran adostutakoa bi asteren buruan gauzatuko dela gogorarazten bukatu du elkarrizketa Bildarratzek: "Hortik aurrera, diskrezioz eta lan leial eta zintzoarekin, ikasleen alde egiteko deia egiten dut. Norabide berean egin behar dugu arraun".

____________________

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza berriak Grebak gaur Euskal Eskola Publikoa bideoak Gizartea Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Sindikatuen albistea Lan gatazkak azken ordukoa Koronabirusa