Ekonomia -

Espainiako Gobernua

72.000 milioiko gastua eta 800.000 lanpostu berri, errekuperazio planaren oinarrian

Sanchezek nabarmendu du Espainiaren "modernizazioa" eta hazkunde "inklusiboa" bilatzen duela asteazken honetan aurkeztutako plan horrek.

Pedro Sanchezen agerraldia. Argazkia: EFE
72.000 milioiko gastua eta 800.000 lanpostu berri, Errekuperazio Planaren oinarrian
Pedro Sanchezen agerraldia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errekuperazio, Transformazio eta Erresilientzia Plana aurkeztu du asteazken honetan Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Egitasmoa aurrera eramateko, Europako funtsetatik jasotako diruaren zati handi bat gastatuko dute datozen hiru urteetan: 72.000 milioi euro, hain zuzen ere. Denbora tarte horretan, urtean 2,5 puntu haziko da barne produktu gordina, eta 800.000 lanpostu berri sortuko dituzte.

Sanchezek bideodei bidez eman die horren berri Gobernuko ordezkariei, patronalari, sindikatuei eta EBko 27 herrialdeetako agintariei.

Haren hitzetan, Espainiaren "modernizazioa" eta hazkunde "inklusiboa" lortu nahi dute plan horrekin. Horretarako, 2021 eta 2026 bitartean Espainiak jasoko dituen 140.000 milioien ia erdia (72.000 milioi) bideratuko dute Transformazio eta Erresilientzia Planera, lehenengo hiru urteetan. Errekuperazio eta Erresilientziatik 59.000 milioi euro jasoko dituzte, eta React-Eu funtsetik 12.400 milioi.

Gainera, egitura-funtsetatik eta Nekazaritza Politikatik 79.000 milioi iritsiko zaizkio Espainiako Gobernuari, 2021etik aurrera.

Zehazki, bilakaera ekologikoari lotutako inbertsio berdeak hartuko du plan horren % 37; inbertsio digitalera zuzenduko dute, berriz, % 33. Horrekin lotuta, Sanchezek esan du helburua dela milaka lanpostu eta enpresa berri sortzea eta enpresa txiki eta ertainak handitzea.

Aurrekontuetan aurreratutako 27.000 milioi euro

Sanchezek adierazi duenez, errekuperazioa posible izan dadin beharrezkoa da "energia nazional guztiak" mugitzea. Hori horrela, Errekuperazio Plana "lehenbailehen" abiatzea eskatu du, baita egutegia "arintzea" ere. Horretarako, baina, ezinbestekotzat jo du aurrekontuak onartzea.

65.000 lanpostu 0-3 urte bitarteko ikasgeletarako

Bestalde, Sanchezek iragarri du 65.000 lanpostu berri sortuko dituztela haur hezkuntzan, 0-3 urte bitarteko ikasgeletan. "Oraindik gainditu gabe geneukan irakasgaietako bat zen, haur guztiek aukera berdinak izan ditzaten", azaldu du.

Hartara, baliabide ekonomikoen % 18 bideratuko dituzte hezkuntzara, ezagutzara eta Lanbide Heziketara, eredu "pertsonalizatu, inklusibo eta malgu" bat abiapuntu hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Sozialista Europar Batasuna Europa Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Pedro Sánchez albisteak Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Madrilgo gertakizunak