Ekonomia -
Lan gatazka
Hezkuntza Sailak eskola publikoak 670 irakaslerekin indartzeko konpromisoa hartu du
Steilasek gaitzetsi du Jaurlaritzak ez duela sindikatuekin adostu irakasle kopurua erabakitzeko irizpidea.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Hezkuntzako sindikatuek egindako eskaerari jarraiki, Patxi Xabier Aizpurua Hezkuntzako Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariekin bildu da gaur.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eskola publikoak indartuko ditu 670 irakaslerekin Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan, eta konpromiso horixe helarazi die sindikatuei, asteazken honetan egin duten hiru orduko bileran.
Sindikatuek aurreko ostiralean EAEko hiru hiriburuetan mobilizazioak egin era bost egunera izan da bilera. COVID-19aren aurkako protokoloa aurrera eramateko beharrak asetzen dituen ikasturte "presentzial, seguru eta adostua" eta neurrien negoziazioa eskatzeko atera ziren kalera.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak joan den ostiralean adierazi zuenez, ikastetxe publiko guztiek irakasle gehiago izango dituzte ikasturte honetan, dituzten beharren eta ezaugarrien arabera.
Sailburuak 500 kontratazio berriri buruz hitz egin zuen, baina Hezkuntza sailburuorde Xabier Aizpuruak sindikatuei esan die 670 irakasle kontratatuko dituztela ikastetxeen eskaerei erantzuteko, eta ikastetxeen araberako banaketa zehaztu die, Nagore Iturrioz Steilasen ordezkariak azaldu duenez.
670 kontratazioei Bildarratzek joan den astean adierazitakoak gehitu behar zaizkie; izan ere, hainbat arrazoirengatik (PCRaren zain egotea, haur konfinatuen gurasoak izatea edo beste batzuk) ikastetxeetara joaten ez diren 300 irakasle ordeztu behar dituzte, bajan ez dauden eta etxetik lan egiten duten irakasleak hain zuzen ere.
Hezkuntza Sailaren arabera, banaketa-irizpideak, alde batetik, Bildarratzek eta haren lantaldeak ikastetxeetako zuzendariekin egindako lurralde-bileretan jasotako eskaerei erantzuten die, eta, bestetik, zailtasun handienak dituzten ikastetxeetan hezkuntza-arrakala saihestea edo murriztea, ikasgelako ratio handienak dituzten ikastetxeei baliabideak esleitzea eta aurreko bi irizpideetako bat ere betetzen ez dutenei gutxieneko laguntza gehigarria ematea du helburu.
"Zenbaki handiak"
Iturriotzek azaldu duenez, "zenbaki handiei" buruzko informazioaz harago, gaurko bileratik ez da erabakirik atera, Hezkuntzak euskal sare publikoko irakasleen lau mahai sektorial espezifikoak datorren astetik aurrera deitzeko konpromisoa izan ezik.
Steilasek gaitzetsi du Jaurlaritzak ez duela sindikatuekin adostu irakasle kopurua erabakitzeko irizpidea; izan ere, bilera baliatu omen dute beren eskariak adierazteko, bai eta COVID-19ak markatutako ikasturte honen hasieran sail honen jarduteko moduarekin ados ez daudela adierazteko ere.