Ekonomia -
Digitalizazioa
2023an Bizkaiak banda zabal azkarra izango du lurralde osoan
Landa-eremuetako eta periferikoetako 7.600 etxebizitza baino gehiagotara eramango ditu gutxienez 300 mega simetrikoko abiadurako Internet konexioak.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusi duenez, 2023ko ekainean zabalduko dute lurralde osoan abiadura handiko banda zabala, 10 milioi euroko inbertsioa egin ostean; horrela, "txoko guztietako" landa-eremuetako eta eremu periferikoetako etxebizitzek abiadura handiko interneteko konexioak eskuratu ahal izango dituzte.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Imanol Pradales (Azpiegiturak eta Lurralde Garapena) eta Ibone Bengoetxea (Administrazio Publikoa eta Harreman Instituzionalak) diputatuekin batera azaldu du proiektua, joan den astean Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako politika orokorreko osoko bilkuran aurreratu zuena.
Rementeriak adierazi duenez, Aldundiak proiektu "eraldatzailea" aurkeztu nahi dio Europar Batasunaren berreraikitze funtsari, Europak ezarritako lehentasunekin bat datorrelako.
Azaldu duenez, "Aldundiaren proiektu garrantzitsuenetako bat" da, "Bizkaian pertsonen eta udalerrien arteko berdintasuna, aukera-berdintasuna, sendotzea" dakarrelako.
Abiadura handiko banda zabala lurralde osora hedatzeak oraindik Internetera ondo konektatuta ez dauden eremuei eragingo die, bereziki landa-eremuei edo iristeko zailak diren eremuei, baldin eta, horretarako, aldez aurretik inbertsio bat behar badute operadoreek aurre egiten ez dieten azpiegituretan, errentagarri ateratzen ez zaielako.
Jarduera hori Bizkaia Aurrera Planaren barruan jasota dago, eta landa-eremuetako eta periferikoetako 7.600 etxebizitza baino gehiagotara eramango ditu gutxienez 300 mega simetrikoko abiadurako Internet konexioak, populazio handiko eremuetako merkatu-baldintza berberetan.
Kalkuluak dituen zailtasunak gorabehera, Foru Aldundiko arduradunek uste dute proiektuak, guztira 602 jarduera-eremu biltzen dituenak, 14.500 pertsona ingururi egingo diela mesede.
Foru Dekretua
Espainiako Gobernuaren baimena jaso ostean, Foru Aldundiak foru dekretu bat onartu du lizitazioaren baldintzekin, eta gaur argitaratu dute Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.
Banda zabala ez duten azken "atarietara" zabaltzeko, Foru Aldundiak 10 milioi euroko diru-laguntza publikoa deitu du, eta, horren bidez, azpiegitura digitalari ekiteko behar den gastuaren % 90 ordainduko du.
Ekimenean parte hartu nahi duten telekomunikazioen konpainiek azaroaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak.
Esleitu ondoren, banda zabala zabaltzeko lanak urte honen amaieran edo datorren urtearen hasieran hasiko dira, eta 2023ko ekaina baino lehen osatu beharko dira. Abiadura handiko konexioa pixkanaka iritsiko da kaltetutako eremuetara.
Gainera, dirulaguntza esleitzeko baldintzen artean, operadore onuradunak diruz lagundutako azpiegituretarako handizkako sarbidea eskatzen duten gainerako operadoreei eskaintzeko betebeharra izango du. Horrela bermatzen da erabiltzaileek operadoreen artean aukeratu ahal izatea.